Bilintx bertsolari eta olerkaria jaio zenetik 190 urte igaro dira
Erromantikoa zuen bihotza; liberala, aldiz, burua. Indalezio Bizkarrondo 'Bilintx' gaurko egunez jaio zen duela 190 urte, eta bertsolaritzan eta euskal olerkigintzan utzi zuen arrastoa gaur arte heldu da bere obra oparoari esker.
Indalezio Bizkarrondo Bilintx 1831ko apirilaren 31n jaio zen, gerraren eta 1813ko suntsiketaren ostean berreraikitzen ari zen Donostian, Lehen Karlistaldiaren atarian. XIX. mendea gerrak markatu zuen, eta horrek eragina izan zuen Bilintxengan. Haurra zela, erorketa baten ondorioz aurpegia desitxuraturik geratu zitzaion –hortik zetorkion Moko goitizena–, eta sokamuturrean zezen batek hankak ere harrapatu zizkion adarrekin: herren geratu zen betirako. Arotza zen, eta Antzoki Zaharreko atezaina izateagatik ezaguna zen orduko Donostian.
Hala ere, Bilintx historiara pasatu da bertsolari eta olerkari handia izan zelako. 1857 inguruan idatzi zizkion maitasunezko lehen bertsoak bere emazte Nicolasa Erkiziari. Koldo Mitxelenaren arabera, “poeta modura satira umoretsuaren eta sentimendu delikatu eta bizien maisua izan zen. Bertso bikainak idatzi zituen. Poetek oso barneko aitorpen orotatik ihes egiten dute lotsatuta, umiliagarria eta penagarria dela irizten baitute; Bizkarrondok, ordea, literatura molde hori darabil”.
Poesia politikoa ere jorratu zuen. Izan ere, ideologia liberala zuen Bizkarrondok, eta Bigarren Karlistaldian Donostiako liberal boluntarioen batailoiko konpainian sartu zen boluntario modura. “Herriaren saminaz zipriztindutako konposizioek duten garra dute”, Mitxelenaren arabera, Bilintxen olerki politikoek.
1876an karlistek botatako granada bat bere gelara sartu eta bi hankak suntsitu zizkion. Sei hilabete beranduago hil zen, euskal foruak baliogabetu zituzten egun berean.
Gaur argitaratu dugun Irutxuloko Hitzan, Beñat Gaztelumendi bertsolari donostiarrak Bilintx ekarri du gogora, Bilintxen ispiluak iritzi artikuluan.
Bilintxen Menda
Bilintxen jaiotzaren 190. urteurrenaren harira, Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatu dute Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak. Bertsolaritza ardatz hartuta, lau ekitaldiz osatuko dute maiatzeko lehen hamabostaldian egingo duten Bilintxen Menda.
Maiatzaren 2an Bilintxen Menda hitzaldi musikatua emango dute Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Hitzaldi musikatuan Bilintxen bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte. Erdaretatik bertsotara izeneko mahai ingurua egingo dute, berriz, maiatzaren 6an, 19:00etan, Okendo kultur etxean. Jon Maia, Jone Uria eta Aitor Servier bertsolariek erdaretatik plazetara eman zuten pausoaren inguruan jardungo dute. Izan ere, Bilintx donostiarra eta euskalduna zen, eta bere aitona Huelvakoa (Espainia) zen.
Maiatzaren 11n Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarrak bertsolaritzak belaunaldiz belaunaldi izan dituen aldaketak aztertuko ditu Gorbatatik piercingera hitzaldian, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Amaitzeko, maiatzaren 14an Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek bertso saioa egingo dute Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan, 19:00etan. Gaiak jartzen Joxerra Gartzia arituko da.
Sarrerak salgai daude dagoeneko donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Viktoria Eugenia antzokiko, Antzoki Zaharreko eta Lugaritz kultur etxeko leihatiletan.