Bizikleta orgadunei ikusgarritasuna emateko kanpaina abiatu du udalak
Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak Europako City Changer Cargo Bike proiektuari loturiko kanpaina bat abiatu du: Umeak bizikletan. Hiriko ikastetxeetan bizikletaren erabilera sustatzea du helburu, eta, bereziki, bizikleta orgadunei ikusgarritasuna ematea.
Banaketa, mezularitza eta haurrak garraiatzeko aproposak dira bizikleta orgadunak. Jendartean bizikleta mota horren erabilera ezagutzera emateko workshop-ak (informazio tailerrak) eta try-out-ak (probak) egingo dituzte interesa agertzen duten Donostiako ikastetxeetan. Horietan, haurrak bizikletan eramateko dauden elementu moten berri emango dute; aulkitxoak, atoiak, zama motak, … Era berean, haurren gurasoei bizikletaren erabileraz eta bizikletak eskaintzen dituen aukerez kontzientziatzea da asmoa, motordun ibilgailuak gutxiago erabil ditzaten. Horrez gain, tailerretan erakusten dute bizikleta nola erabili eguneroko joan-etorrietan, bidegorriak eta 30 guneak baliatuz, ikastetxera modu jasangarrian joan eta handik itzuli ahal izateko.
Bost ikastetxe
Udalak kanpaina abiatu zuenean, informazioa bidali zien ikastetxeei, interesik zuten ala ez jakiteko. Haurrak eskolara bizikletan edo bizikleta orgadunetan eramateko aukeren berri emango zitzaiela esan zitzaien, aukera guztiak aztertuz. Orain arte hiriko bost ikastetxek eman dute izena, eta horietako bat da Jakintza ikastola. Hilaren 28an informazio tailerra egin behar zuten, baina arazo pertsonal batengatik bertan behera geratu zen. Aurrerago egingo dutela adierazi du udalak.
Tailerra egiten duten ikastetxeei bizikleta orgadun bat probatzeko aukera emango diete, haurrak astebetez eskolara eramateko. Familia askok horrelako bizikleta bat gordetzeko tokirik izango ez balu, aukera emango diete larunbatetan ere probatzeko. Horretarako, larunbat batzuk erreserbatu dituzte. Bestalde, ikastetxeei galdetuko zaie ea interesik duten zortzi haur aldi berean eramateko aukera duen bizikleta orgadun bat erabili nahi duten. Erantzuna baiezkoa bada, irteera batzuk egiteko aukera emango zaie, gidari eta guzti.