Egiako maizter kaltetuek herritarren berotasuna jaso dute
Manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean, Egiako maizter kaltetuei elkartasuna adierazteko. Egia kaleko 22. zenbakiko hamabi bizilagun kaleratze arriskuan daude.
Egia 22 batzarrak antolaturiko martxa Plaza Berritik abiatu da Auzoa ez dago sailgai lelopean. Segurtasun neurri guztiak errespetatuz, Egia kalean behera egin dute, eta Mandasko Dukea kalea zeharkatu ondoren, Tabakalera parean gelditu dira. Han zituzten zain Saretxe, BiziLagunEkin eta Maizterren Sindikatuko hainbat kide. Manifestu bat irakurri dute, eta elkarrekin Egia kalean gora jarraitu dute. 22. zenbakian hainbat lagunek kartel bat jarri dute atariaren alboko horman, eta txalo artean eskertu dute bizilagunek.
Ondoren, Ametzagañatik igo, eta Karmengo Ama kaletik jaitsi dira Plaza Haundin bukatzeko manifestazioa. Han egin dute ekitaldia, eta bizilagunak Egian geratzeko negoziazioa abiatu dutela azpimarratu dute. Maizter kaltetuak auzoan geratzeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute.
Sareb erakundearenak dira Egia kaleko 22. zenbakiko etxebizitzak, eta ez diete kontratua berritu nahi. Haya Reale Estate enpresa da Sareben kudeatzaile nagusia, Capital Management putre funtsaren parte dena. Bizilagunek diote alokairu kontratuak bukatzean, maizterrak kaleratzen hasiko direla.