Huescara egingo du bidaia Realak, hiru puntuen bila
Reala eta Huesca, lagunarteko partida batean. (Argazkia: Reala) Realeko mutilek Huescaren aurka jokatuko dute larunbatean El Alcoraz estadioan. Txuri-urdinak bosgarren postuan daude, Europa Liga zuzenean jokatzeko postuetan, eta ahalik eta puntu gehien behar ditu postu hori ziurtatzeko. Huesca, bestalde, sailkapenaren azken aurreneko postuan dago, eta lehen mailan geratzeko puntuak behar ditu; partida borrokatua izango da.
Betis eta Vila-real dituzte txuri-urdinek atzetik: Betisek Realak baino hiru puntu gutxiago ditu, 50, eta Vila-realek 49 ditu. Europa Ligako postuak erabakitzeko borroka puri-purian dago.
Bestalde, Realeko nesken partida atzeratu egin da; izan ere, astelehen goizean taldeko jokalari batzuek positibo eman zuten koronabirus testetan, eta asteartetik hona lehen eta bigarren taldearen entrenamenduak bertan behera utzi dituzte; oraindik ez dira entrenatzera itzuli. Santa Teresaren aurka, sailkapeneko 16. taldearen aurka, jokatu behar zuten txuri-urdinek.
Eskubaloian, Bera Berak La Calzadaren aurka jokatuko du, Gijonen. Ligaren bigarren faseko lehen postuan da Bera Bera, hamar partida jokatuta, eta bigarrena, Guardes, bost puntu beherago dago. Lau partida geratzen zaizkie donostiarrei liga amaitzeko, eta aukera handiak dituzte txapela etxera eramateko. Bestalde, maiatzaren amaieran, Erreginaren Kopa jokatuko dute Telden, Kanariar Uharteetan; asteartean egin zuten zozketa, eta Rinconen aurka tokatu zaio Bera Berari.
Partidak:
FUTBOLA
Gizonezkoen Lehen Maila:
Huesca – Reala (Larunbata, 18:30)
ESKUBALOIA
Emakumeen Ohorezko Maila:
La Calzada – Bera Bera (Larunbata, 19:00)


