Itsasoari beldurrik ez zion arrantzalea
Jose Maria Zubia ‘Aita Mari’ XIX. mendeko arrantzale zumaiar ezagun bat izan zen. Donostian bizi izan zen, eta erreskate lan entzutetsuak egin zituen Kontxako badian. Bere omenezko bustoak mende bete darama kaian.
Itsas Salbamendu Humanitarioa Mediterranoan ibiltzen da errefuxiatuak erreskatatzen, Aita Mari itsasontzian. Are, Javi Julio zinemagileak zuzendutako Aita Mari dokumentala itsasontzi horren jardun humanitarioan oinarritzen da, eta Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu dute. Aita Mari izena, ordea, ez da ausazkoa.
Jose Maria Zubia Aita Mari 1809an jaio zen Zumaian, eta itsasontzi baten jabea zen: hasieran, beladun ontziei portura sartzen laguntzen zien, ontzi txiki batekin. Lan horretan, itsaso zakarretan ibiltzen ikasi zuen. Zumaiatik Donostiara etorri zen bizitzera, eta traineru baten nagusi bihurtu zen: antxoak eta sardinak harrapatzen zituzten gehienbat. Donostian egin zen ezagun Aita Mari, baina ez bereziki arrantzale lanagatik.
Erreskate lanengatik, “mito”
1861eko udan, galerna baten ondorioz, Donostiako itsasontzi bat Urgulleko haitzetan harrapatuta geratu zen, eta Aita Mari eta bederatzi gizon itsaso zakarrean murgildu ziren, erreskatatzeko helburuarekin. Lortu zuten, eta Itsas Benefizentziaren Gurutze Handia eman zioten Aita Mariri horrengatik.
1866ko urtarrilean “mito” bihurtu zen. Ekaitz bortitz baten ondorioz, Getariako arrantza ontzi bateko arrantzaleak galdu ziren Kontxako badian, eta beraiek erreskatatzera joan zen Aita Mari bere txalupa txikian. Zorigaiztoko itsas kolpe baten ondorioz, itsasoan hil zen Aita Mari, erreskatatu nahi zituen arrantzaleak bezala.
Donostiarrek bere omenezko bustoa kokatu zuten kaian. Hala dio plakan ageri den Antonio Arzaken bertsoak: “Urrikaldunak salbatu nayaz eman zenduben biziya, ta gaur daukazu, goitalchatuaz obiz itsaso aundiya: ¡Lo egin zazu baga zoñuaz… O gizon maitagarriya! Onraturikan zure gloriyaz Donostia ta Kantauriya”.