'Alde Zaharra, merkataritza Atik Zra' kanpaina abiatu dute Parte Zaharreko saltokietan
Ostiralean aurkeztu zuten 'Alde Zaharra, merkataritza Atik Zra' merkataritza kanpaina Konstituzio plazan. (Argazkia: Eusko Jaurlaritza) Parte Zaharreko merkatariek marka berria estreinatu dute, herritarrak auzoko saltokietan kontsumitzera animatzeko: ‘Alde Zaharra, merkataritza Atik Zra’. Merkatariek ostiralean aurkeztu zuten kanpaina, udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Zaharrean, Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin, Bretxako merkatuarekin batera eta San Sebastian Shopsekin batera. Auzoan 200 saltokitik gora daude, eta gehienek bat egin dute kanpainarekin; aipatu leloa erabiliko dute datozen asteetan, donostiarrak eta bisitariak Parte Zaharreko merkataritza establezimenduetan kontsumitzera animatzeko.
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak kanpainaren nondik norakoak azaldu zituen aurkezpenean: “Gune hau merkataritza-polo dinamiko, askotariko, original, moderno, etorkizunekoa eta donostiar guztientzat irekia bezala berraurkitzeko gonbidapena da”. “Merkataritza hiri-ekonomiaren ardatz egituratzailea da, baina baita gure herri eta hirietako bizitza sozialarena ere”, gaineratu zuen Morenok.

‘Alde Zaharra, merkataritza Atik Zra’ da Parte Zaharreko merkataritza kanpainaren izena. (Argazkia: Donostia Sustapena)
Kanpaina udako hilabeteetara arte luzatuko da, eta saltokiek auzoko merkataritza eskaintza osoa jasotzen duten 20.000 gida banatuko dituzte euren bezeroen artean. Turismo Bulegoan ere banatuko dute gida hori.
Horretaz gain, Parte Zaharreko kaleetan kanpainako banderatxoak jarriko dituzte, eta kartelak ere ikusgai egongo dira saltokietan. Kartelak egiteko, alfabetoa baliatu dute, hizki bakoitzarekin auzoko saltokiak definitzen dituzten euskarazko eta gaztelaniazko kontzeptuak jarrita, eta Donostiako jaietako irudi ezagunekin apainduta.

