Intzidentzia metatuak eta koronabirus kasu kopuruak behera egin dute
168 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian asteburuan, eta hiriko intzidentzia metatua 614,07koa da. Intzidentzia metatuak behera egin du sei osasun eremutan.
Intzidentzia metatuak behera egin du bederatzi osasun eremutan. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 168 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian asteburuan: 65 kasu positibo ostiralean, 55 kasu larunbatean, eta 48, berriz, atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 614,07koa da, eta behera egin du. Azkenaldian gora baino ez du egin intzidentzia metatuak, asteazkenean izan ezik. Izan ere, 637,64koa zen intzidentzia metatua ostiralean, 611,32koa zen asteazkenean, eta 631,06koa asteartean. Intzidentzia metatuaren kurba orekatzen hasi dela dirudi, baina aste honetako datuak erabakigarriak izango dira intzidentzia metatuaren joera aldatu dela adierazteko.
Azken asteetan, Donostia Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia maila txikiena zuen hiriburua izatetik altuena izatera pasa da. Donostiaren intzidentzia maila altuak Gipuzkoarekin “lotura estua” duela dio Eneko Goia alkateak.
Donostiak perimetralki itxita daramatza bi aste. Ondorioz, Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile daude indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztu dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezin dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezin dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita daude; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartzen dute, eta dutxak bakarka erabili ahal dituzte.
Donostia itxita badago ere, inguruko udalerrietara joateko aukera dago erosketak egiteko edo aire libreko kirola praktikatzeko.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Txertaketari dagokionez, Illunben 65 eta 69 urte artekoak txertatzen hasi dira.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak behera egin du sei osasun eremutan, eta gainontzekoetan gora egin du:
- Amara Berri: 704,55
- Egia: 703,37
- Parte Zaharra: 650,29
- Aiete: 617,68
- Altza-Roteta: 602,19
- Loiola: 585,99
- Gros: 452,52
- Intxaurrondo: 552,05
- Ondarreta: 490,44
- Amara-Erdialdea: 418,66
- Bidebieta: 388,51
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 11
- Ondarreta: 9
- Altza-Roteta: 7
- Gros: 6
- Egia: 4
- Amara-Erdialdea: 4
- Aiete: 3
- Intxaurrondo: 2
- Loiola: 1
- Parte Zaharra: 0
- Bidebieta: 0

