Porrota Realarentzat, garaipena Bera Berarentzat
Realak porrot mingarria jaso zuen Huescan, azken minutuetan sartu baitzuen Huescak partidako gol bakarra. Bera Berak, aldiz, erraz irabazi zion La Calzadari.
Alexander Isak txuri-urdina, Huescaren aurkako partidan. (Argazkia: Reala) Realeko mutilak ligako bosgarren postua ziurtatzeko hiru puntuak lortzeko helburuarekin joan ziren larunbatean Huescara, baina ez zuten puntu bakar bat ere ekarri Donostiara azkenean. Imanol Alguacilen mutilak nagusitu ziren jokoan, eta Huescak gol aukera gutxi izan zituen.
Txuri-urdinak, ordea, ez ziren gai izan Huescaren atean golik sartzeko, eta 0-0 iritsi ziren azken minutuetara. Horrela, 87. minutuan, Sandrok, Realeko jokalari ohiak, arearen albo batetik falta bat atera zuen, erdiraketa arriskutsu bat jarrita. Erdiraketa Aritz Elustondok ukitu zuen, eta bere atean sartu zuen, 1-0-ekoa eginez. Realak ez zuen erreakzionatzeko denborarik izan, eta porrotarekin itzuli zen Donostiara. Hala ere, bosgarren postuan jarraitzen du, baina gertu ditu Vila-real eta Betis: puntu bat azpitik valentziarrak eta bi azpitik andaluziarrak. Lau partida gelditzen dira liga amaitzeko, eta Realak Elx jasoko du Anoetan ostiralean (21:00).
Eskubaloian, aldiz, albiste pozgarriak heldu dira Asturiastik. Izan ere, Bera Berak 23-36 garaitu zuen La Calzada, eta gertuago dauka Liga irabaztea. Donostiarrak lehenengoak dira sailkapenean, eta azkenak asturiarrak, beraz, aurreikusten zen moduan, ez zuten asko sufritu behar izan garaipena etxera ekartzeko. Hiru norgehiagoka gelditzen dira liga amaitzeko, eta Bera Berak sei puntu ateratzen dizkio bigarren sailkatuari. Bestalde, maiatzaren amaieran, Erreginaren Kopa jokatuko dute Telden, Kanariar Uharteetan; asteartean egin zuten zozketa, eta Rinconen aurka tokatu zaio Bera Berari.
Partidak:
FUTBOLA
Gizonezkoen Lehen Maila:
Huesca 1 – Reala 0
ESKUBALOIA
Emakumeen Ohorezko Maila:
La Calzada 23 – Bera Bera 36

