Miru beltzei lekukoa hartuta, urretxoriak daude Antondegin
Itsas Enara elkarteak ohartarazi duenez, zazpi aleko urretxori talde bat dago egunotan Antondegin, olatu artifizialen surf parke bat jarri nahi duten eremuan. Hegaztien tamaina ezohikoa dela adierazi du elkarteak, eta garai honetan Gipuzkoako beste leku batzuetan ere agertu direla adierazi dute.
Duela bi aste miru beltz bikote batek Antondegin habia egin zuela ere jakinarazi zuen Itsas Enara elkarteak. Itsas Enara elkarteak azaldu zuenez, “miru beltza Hegaztien Europako Zuzentarauaren I. eranskinean dago; beraz, administrazioak neurri bereziak hartu behar ditu espezie horren habitatari dagokionez”.
Donostiako Udalak Wavegarden enpresaren olatu artifizialen surf parkea eremu horretan eraikitzea “Donostian egoera onean dagoen atlantiar landazabaleko eremu bakarretako bat degradatzea” dela uste du Itsas Enara elkarteak. “Miru gorri bikote bat eta Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoko beste espezie batzuk ere ibiltzen dira inguruan”, gehitu du.