Berretsi egin dute bezero bati tinpanoa hautsi zion diskoteka bateko atezainaren aurkako zigorra
Donostiako bosgarren instrukzio epaitegiak berretsi egin du iaz hiriko erdiguneko diskoteka bateko atezainari bezero bat eraso izanagatik jarritako zigorra, eta, EFE albiste agentziak argitaratu duenez, 300 euroko isun bat ordaindu beharko du, baita bezeroari 4.000 euroko kalte ordaina ordaindu ere. Atezainak kolpe bat eman zion biktimari eta tinpanoa hautsi zion 2016an, eta orain berretsitako zigorra ezarri zion 2020an Donostiako epaitegi batek. Atezainak, ordea, helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Auzitegian, baina lehenengo instantziako epaitegietara itzuli zuten kasua, ebazpenaren motibazio faltagatik. Berretsitako zigorra behin betikoa da.
Kasuko testuaren arabera, gertakaria 2016ko uztailaren 10eko 5:00etan izan zen. Biktimak liskar bat izan zuen diskotekaren barruan beste pertsona batekin, eta biak kanporatu egin zituzten. Ordea, biktima berriz sartzen saiatu zen “lagun batzuekin”. Atezainak kanpoaldeko atera jaisteko eskatu zion, eta ukabilkada bat eman zion eskuineko belarrian, “aurretik inolako probokaziorik izan gabe”.
Biktima zorabiatu egin zen, eta Bengoetxea kaleko osasun zentrora joan zen, non lesioen parte bat egin zioten. Hurrengo egunean, osasun zentro espezializatu batera joan zen, eta baieztatu zioten tinpanoa hautsita zuela.