Izaera Sozialeko Max Saria eman diote Donostiako Antzerki Estudioari
XXIV. Arte Eszenikoen Max Sarietan, Donostiako Antzerki Estudioa saritu dute, Izaera Sozialeko sariarekin. Autore eta Editoreen Elkarte Nagusiak banatzen ditu urtero sari hauek, eta aurten Donostiako Antzerki Estudioak urte luzez egindako lana saritu du fundazio honek, Izaera Sozialeko saria emanaz.
Donostiako Antzerki Estudioak 1965. urtean hasi zuen bere ibilbidea Antiguako San Sebastian Martiriaren elizan. Manolo Gomez izan zen sortzailea, gazte zela, eta gaur egun taldearen zuzendari izaten jarraitzen du; ilusio handiarekin jaso du saria, eta “ezustean” harrapatu dituztela gehitu du. Max Sariek zabaldu duten bideoan “auzoko antzerkiarekiko zuten maitasunagatik” hasi zirela dio Gomezek: “Diktaduraren amaieran gure interes sozial eta kulturalak bideratzeko aukera ikusi genuen antzerkian”.
Antzerki estudioaren zereginaz ere hitz egin du Manolo Gomezek: “Gure hirian beste bide batzuetatik ikusi ezin dituzten ikuskizunak ikustea ahalbidetu nahi diegu bizilagunei. Bestalde, beste batzuk ateak ixten dizkieten iniziatibei beti ateak irekitzea da gure ezberdintasuna: elkarte kulturalei eta baztertutako elkarteei, esaterako”.