Metroaren lanen kostua 227 milioi euro ingurukoa izango da
Metroaren igarobidearen lanak bisitatu ditu gaur Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak. Zehazki, Lugaritz-Mirakontxa zatiko Bentaberriko geltokian izan da Arriola. Obraren egoeraren berri ematearekin batera, adierazi du 227 milioi euro inguruko kostua izango duela. Hasiera batean, 150 milioi euroko aurrekontua adjudikatu zen, baina gainkostu nabarmena izango du. Arriolak esan duenez, zerbitzua ahalbidetzeko gainerako elementuek garestitu dituzte lanak.
Bentaberriko geltokiari dagokionez, azaleraren %30 altzairuz estalita dago, eta nasak zein erreiak jartzeko hormigoizko azpiegitura bukatu dute. Horrekin batera, hondeaketa lanak bukatuta daudela adierazi du Arriolak. Ondorioz, tarteak 3.073 metroko luzera osoa hartzen du. Horietatik, 2.000 metro lineako tunelekoak dira, 95 metro geltokiko haitzulokoak, eta gainerakoa obretara sartzeko galerietakoak eta Bentaberriko geltokira sartzeko kanoietakoak. Guztira, 160.000 metro kubiko lur eta harri hondeatu dira. Bukatzeko falta diren lan bakarrak, gela teknikoak, geltokira sartzeko mezzaninak edo atariak eta trenbidea eta katenaria jartzea dira. Lan horiek beste kontratu baten bidez egingo dira.
Lugaritzen zerbitzuan dagoen bidearekin lotzen duen saihesbidearen hasierako zatia –haitzulo baten neurriak ditu– ere erabat zulatuta eta estalita dago. Trenen zirkulazioak moztu gabe egin dituzte lan horiek. Gaur egun, trenbidea muntatzen hasi dira, trenbide zirkulazioa saihesbidera desbideratzeko.
Bentaberriko geltokira sartzeko bi kanoiek izango dituzten eskailera mekanikoak eta gurpil gaineko korridoreak uda amaieran hasiko dira jartzen. Jarduketa horri esker, lur gaineko lanak amaitu eta orain arte obrek okupatu duten eremu osoa urbanizatu ahal izango da. Horrela, aurreratu duenez, uztailerako murriztu egingo da kiroldegiko kanoiaren kanpoaldeko obretarako mugatutako eremua, urbanizazioa urte amaierarako osatuta egon dadin. Bentaberri plazan dagoen sarbideko ahoari dagokionez, uztailean murriztu egingo da obraren eraginpeko eremua, eta, kasu horretan, 2022ko otsailean amaituko da kanpoko urbanizazioa. Plaza horretan bertan dagoen igogailua, bestalde, azarorako egongo da amaiturik.
Bigarren zatiaren egoera
Geldirik dagoen Mirakontxa-Easo zatiari dagokionez, Arriola sailburuak gogorarazi du Altuna y Uria, Iza eta Acciona aldi baterako enpresa elkarteari adjudikatu zaionez, ekainaren erdialdean geratzen diren 400 metroak induskatzeko lanei berrekin ahal izango zaiela. Era berean, azpimarratu du egoera honek ez duela eraginik izan aurrera jarraitzen duten lur gaineko lanetan. Horrela, Easo kalean behin betiko urbanizazioa erabakitzen ari dira, Udalaren eskutik, behin trafikoari errei bat eta gainerako kalea oinezkoentzat ireki ondoren. San Martin kalean, berriz, piloteak kendu dira, eta, ondoren, lauza zabaldu da, kalearen zati bat berreskuratzeko, ekainerako zirkulaziorako errei bat askatu ahal izateko.