Greban jarraitzen dute H&M dendetako langileek
Duela bi aste ostegun, ostiral eta larunbatean greba egin zuten Garberako H&M dendetako kideek, eta joan den astean ostegun eta ostiralean. Egoera hobetzen ez zela ikusita, greba mugagabea egitea erabaki zuten astelehen honetan, eta ordutik protesta egiten ari dira goizero, dendaren atarian.
Gaurkoan, aurreko bi egunetan egin zuten moduan, goizeko hamarretan hasi dira piketeekin. Hamabost pertsona inguru dendaren atean jarri dira, hainbat pankarta, kartel eta aldarrirekin. Bestalde, txistu eta megafonoekin zarata egin dute arreta bereganatzeko, eta eskakizunak plazaratu dituzte. Une batean bi ertzain gerturatu dira, baina tentsioak ez du gora egin. Merkataritza zentro osoan zehar ibili dira, haien egoera zein den gehiago zabaltzeko.
H&M enpresa multinazionalak bi denda zituen Donostian, eta bat itxi egin dute jada: Askatasunaren hiribideko COS denda. Espainiako estatu osoan kaleratu ditu langileak H&M enpresak, eta langileen arabera, digitalizazio prozesuagatik hartu dute erabaki hau. Beste pertsona batzuei jardunaldia moztu diote, eta beste batzuk lekualdatu egin dituzte.