Emakumezko ahotsen eta pianisten Jazzaldia izango da aurtengo uztailekoa
Uztailaren 21etik 25era egingo dute Donostiako 56. Jazzaldia: emakumezko ahotsak nabarmenduko dira, eta zenbait euskal taldek eta mundu osoko puntako musikariek eskainiko dute jazz musika. Emakumezko abeslariak honakoak izango dira: Cecile McLorin Salvant, Noa, Buika, Arlo Parks, Aymee Nuviola, eta Silvia Perez Cruz, Farsa Circus Band taldearekin. Piano jotzaile ugari ere entzuteko aukera egongo da; honakoak: Iñaki Salvador, Franco D’Andrea, Giovanni Guidi, Brad Mehldau, Kenny Barron, Gonzalo Rubalcaba, Marcin Masecki, eta Marco Mezquida.
Donostiako Jazzaldiak 2006an abiatu zuen Euskal Herriko jazz taldeen hautaketa prozesua. Ordutik mantendu duten zerbait da, eta arrakasta izan du. Aurten hautaturiko hamar bandak iaz hasitako prozesukoak dira, pandemiak bertan behera utzi zuelako. Hona hemen hamar talde aukeratuak: Asier Ardaiz & Friends, De 2 En Blues Band, DOS, Horda, Hutsun Txalaparta – J.E.L. Trío, Les Fous, Mojo Hand, Monk’s Sphere, No More Jazz Brass Band eta Swingtronics.
“Zuhur jokatzeko garaia da; baina baita eskaintza kulturala mantentzeko ere, distantziarekin, kontu handiz eta maskara jantzita elkartzeko, musikaz gozatzearren. Ez dakigu oraindik zeintzuk izango diren edukierak eta ordutegiak, eta ez dakigu denok lekualdatu ahal izango garen nahiera. Oraindik aste batzuk zain egon beharko”, azaldu dute antolatzaileek.