"Errusian, mahai tenisa zabalduagoa dago"
Oleg Ovitxinnikov-ek (Lipetsk, Errusia, 1965) hamasei urte daramatza Euskal Herrian, eta gurean nahiko ezohikoa den kirol bat egiten du: mahai tenisa. Donostiako Fortuna klubeko jokalari federatua da. Dioenez, Errusian hemen baino askoz kirol ohikoa da, baina Fortunako jokalarien maila ona dela nabarmendu du.
Errusiar bat Donostian mahai tenisean jokatzen. Nolatan?
Jokalari federatua naiz, baina mahai tenisa nire hobby-a da, ez naiz hortik bizi. Berez, mediku psikiatrikoa naiz; Errusian psikoterapia klinika batean egiten nuen lan.
Zenbat denbora daramazu hemen?
Ia hogei urte daramatzat Espainiako Estatuan. Arrazoi politikoengatik joan nintzen Errusiatik, eta lehenengo hilabeteak Guadalajaran pasa nituen. Ondoren, Madrilgo asilo politikoaren bulegoan elkarrizketa bat egin zidaten, baina batzordeak ebatzi zuen nire arazoak sozialak zirela, ez politikoak. Horrela, 2005ean jaso nuen lehenengo aldiz lan egiteko baimena, eta hainbat lekutan aritu izan naiz lan egiten, besteak beste, Cementos Rezola enpresan. Duela 16 urte Tolosara joan nintzen bizitzera, eta han bizi naiz ordutik. Azken urteotan kale garbitzaile gisa egin dut lan, nahiz eta orain lanik gabe gelditu naizen. Langabezian nagoenez, aprobetxatzen ari naiz hemengo hizkuntza modu profesionalean ikasteko, nire ogibidea berreskuratu nahi baitut; mediku psikiatriko gisa lan egin nahi dut.
Errusian ere mahai tenisean jokatzen zenuen?
Bai, baina ez nuen lehiaketetan parte hartzen, lagunen artean jolasten nuen soilik. 2004an, aldiz, Anoetan zegoen Etxadi klubean entrenatzen hasi nintzen, Alexei Emilianovekin batera. Ondoren, 2009tik aurrera, Fortunak hartu zuen Etxadi klubaren lekukoa, eta ordutik Fortunarekin jokatzen dut. Horrela, 2010etik hainbat maila eta modalitatetako lehiaketatan parte hartzen dut. Batez ere, Gipuzkoako udalerrietan jokatzen dugu, eta noizean behin Bilbon eta Gasteizen ere bai.
Beste kirolen bat praktikatzen duzu?
Mahai teniseko entrenamenduez gain, nire kabuz korrika egitera joaten naiz. Tolosatik Anoeta herrira egiten dut korrika astero. Lehen Villabonaraino joaten nintzen, baina orain orkatila gaizki daukadanez, gutxiago egiten dut.
Zenbat jokalari zaudete Fortunan?
Guztira, 70 jokalari inguru, hainbat adinetakoak. Denak ezagutzen ditut, baina ez ditut denak astero ikusten. Izan ere, nik astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan entrenatzen dut, eta beste batzuek ostegunetan eta asteartetan. Gainera, koronabirusarekin are zailagoa da denak ikustea. Hala ere,oso giro ona daukagu jokalarion artean.
Bitxikeria modura, duela bi urte Pedro izeneko jokalari batekin jokatzen nuen. Polita izan zen Pedrorekin jokatzea, oso heldua baita; gaur egun, 88 urte ditu.
Zergatik erabaki zenuen mahai tenisean jokatzea?
Asko gustatzen zaidan kirol bat da. Ezagutzen ez duten pertsona askok pentsatu ohi dute oso kirol erraza dela, eta batez ere, ez duela karga fisikorik. Espazio txiki batean jolasten denez, ematen du edozeinek praktikatu dezakeela.
Jolasten duzunean, aldiz, ikusten duzu ez dela hala. Izan ere, denbora asko pasatzen duzu tentsioan, eta besoekin mugimendu azkar asko egiten dituzu denbora gutxian; horrek fisikoki ahitzen zaitu. Horregatik egiten dut korrika, nire erresistentzia hobetzeko.
Errusian hemen baino ohikoagoa da kirol hau?
Errusian, mahai tenisa zabalduagoa dago hemen baino. Hemen futbola da kirolik zabalduena, baina Errusian, aldiz, ez da horren ohikoa.
Mahai teniseko mahaiak espazio gutxi okupatzen du, eta horregatik, Errusian leku askotan daude halakoak. Esaterako, gogoratzen dut nire lagun batek fabrika batean egiten zuela lan, eta han jokatzera gonbidatzen ninduela, atseden hartzen zuten gunean mahai teniseko mahai bat baitzuten.
Nolakoa da mahai teniseko entrenamendu bat?
Ondo jokatzeko, mugimendu motz eta azkarrak menderatu behar dituzu. Horregatik, ariketa asko egiten ditugu palarik gabe, soilik gure hanken mugimenduak lantzeko. Era berean, beste ariketa asko egiten ditugu palarekin, ondo ikasi behar duzulako nola jo behar zaion pilotari: beti modu erosoan jo behar diozu, eta horretarako, une oro oso adi eta arin ibili behar duzu. Ez bazara adi eta arin ibiltzen, erritmoa galtzen duzu, eta ez duzu ondo jokatzen.
Profesionala izateko moduko maila duzu?
Ez, horrenbeste ez. Amateurrekin jokatzeko maila ona daukat, hori bai. Mahai teniseko pala bat hartu nuen lehenengo aldian 12 urte nituen, beraz, denbora asko daramat jokatzen. Ordea, urte luzez ez nuen entrenamendurik izan, nire kabuz jokatzen nuen, ahal nuenean. Unibertsitatera joan nintzen sei urteetan gehiago jokatu nuen, ikasleok asko jolasten genuelako; oso ohikoa zen.
Errusiako nire jatorrizko hirian ez dago mahai tenisean modu lehiakorrean entrenatzeko lekurik, eta beraz, jende askok jokatzen badu ere, denek euren kabuz egiten dute, ez dago oinarri sendorik. Inguruko hirietan badaude entrenatzeko lekuak eta maisu onak, baina nire hirian ez. Horregatik, oso gustura nago Fortunan jokatzen.
Pandemiarekin aldatu da entrenatzeko eta lehiatzeko modua?
Niretzat, orain zailagoa da ondo entrenatzea, maskararekin kirola egitea ez delako batere erraza. Gogoan dut Sobietar Batasuneko armadan egon nintzenean entrenamenduetan gomazko maskara batzuekin egiten genuela korrika, eta oso zaila egiten zitzaidala. Orain, antzeko sentsazioa dut maskararekin entrenatzerakoan, baina beharrezkoa da, birusaren aurka daukagun azken defentsa baita.
Zer esango zenioke jendeari mahai tenisean jolastera animatzeko?
Esango nioke jende askok zerotik ikasten duela mahai tenisean jolasten, eta nik erakutsi diezaizkieket kirol honetako oinarriak. Gainera, oinarriak ondo ikasiz gero, energia ekonomizatzen eta lesioak ekiditen ikas dezakezu.