Hiriko sarreretan orduko 30 kilometroko abiadura muga adierazteko seinaleak jartzen hasi dira
Datorren asteartean, hilaren 11an, Donostiako bide gehienek orduko 10 eta 30 kilometro bitarteko abiadura muga izango dute. Hori dela eta, Mugikortasun saileko langileak seinaleak jartzen hasi dira gaur goizean. Horietako bat Zarautz hiribidean jarri dute, Hesperia hotelaren ondoan dagoen biribilgune txikian. Hasiera batean, hamazazpi seinale jarriko dituzte hiriko sarreretan, eta beste hainbat hirigunean.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotzia eta Jone Argoitia Mugikortasun zuzendaria han izan dira, eta seinalea nola jartzen zuten ikusi ostean adierazpenak egin dituzte. “Seinale honek ondo azaltzen du ’30 hiria’ filosofia. Zarautz hiribideak orduko 30 kilometroko abiadura muga izango du aurrerantzean. Aldiz, aurrerago dagoen Tolosako hiribidean orduko 50 kilometroko abiadura muga mantenduko du. Batez ere, garraio publikoarekingatik”, azaldu du Aranak.
Garraio publikoak afekzioak izango dituela aitortu du Aranak: “Gune guztietan ezin da orduko 50 kilometroko abiadura muga mantendu, eta horrek eragina izango du garraio publikoan. Horrela ere, beraiekin hitz egin dugu eta lanean jarraituko dugu afekzioak ahalik eta txikienak izateko”.
Hilabeteko epea
Hilaren 11tik aurrera seinaleak errespetatzen diren edo ez aztertzeko hilabeteko epea ezarri du udalak. Horiek horrela, ez dituzte isunak jarriko, salbuespenekin. “Ez gara lehen egunetik isunak jartzen hasiko, baina gune arriskutsuetan zorrotzagoak izango gara. Eskolen inguruak arriskutsuak dira, eta horietan bai jarriko direla isunak. Hilabeteko epean gidarien portaera aztertuko dugu”, adierazi du Argoitiak.
Kontxako pasealekuak denbora darama orduko 30 kilometroko abiadura mugarekin, eta hori herritarrek nabaritu dutela azpimarratu du Argoitiak: “Kontxako pasealekuan nabari da aldaketa, eta oinezko zein bizikleta erabiltzaile batzuek pozik daudela adierazi digute”. Ildo horretatik, Aranak mezu bat zuzendu die donostiarrei: “Gozatu dezagun, lasaiago eta zarata gutxiagorekin”.