"Munduko errezetak trukatzea da helburua"
Igandean, hilaren 9an, 'Saltsan ibili' egitasmoari hasiera emango dio Hau Egia da! sareak, Plaza Haundin, 12:00etan. Dominikar Errepublikako Belkis John arduratuko da lehen errezeta erakusteaz.
Zer antolatu duzue iganderako?
Egian saltsan ibiliko gara. Dominikar Errepublikako errezeta bat erakutsiko dugu: totoneak. Banana frijituak dira. Nire herrialdean patacones gisa ezagutzen ditugu. Donostiako dendetan banana, manioka eta papaia gisako elikagaiak eros daitezke. Plazan jendeari galdetuko diogu ea produktu horiek probatu dituzten. Horrekin batera, errezeta batzuk emango dizkiegu elikagai horiek erabiltzeko.
Plazan prestatuko dituzue totoneak?
Bai, erakustaldi moduko bat egingo dugu. Pandemiagatik ezin da gauza handirik egin, baina neurri guztiak betez errezeta prestatuko dugu jendaurrean. Erraza da, eta seguru gaude jendeak berehala ikasiko duela. Banana prestatzeko mila modu daude, eta horietako bat totoneak dira.
Eta dastatu ahal izango dira?
Noski, etortzen direnek prestaketa bertatik bertara ikustearekin batera, totoneak dastatu ahal izango dituzte.
Egitasmoaren oinarria errezetak trukatzea da. Hau da, zuek errezeta bat eramango duzue, baina plazara herritarrek beste hainbat errezeta eraman ditzateke trukatzeko, ezta?
Horrela da, bai. Munduko errezetak trukatzea da helburua. Horregatik, igandean jendeak bere errezetak ekartzea nahi dugu, denon artean konpartitu ditzagun. Egitasmo polita da, integrazioa eta partaidetza dituelako helburu. Garrantzitsua da auzoan integratzea, bizilagunak ezagutzea eta parte hartzea. Hemen beste ohitura batzuk daude, beste produktu batzuk, eta erakutsi nahi dugu Donostian ere eskuratu daitezkeela.
Eguraldi ona iragarri dute iganderako. Proposamen borobila, beraz.
Bai, eta pertsonalki oso pozik nago. Prestatuko dugun errezetak Dominikar Errepublikara eramango gaituenez, eguraldi onak borobilduko du. Totoneak beste elikagai batzuekin osatu daitezke, freskotasuna emanez, eta horiek ere prestatzeko egun aproposa izango da.
Egian saltsan jarraitzeko asmoa duzue?
Zalantzarik gabe. Igandekoa egitasmoaren abiapuntua da, nolabait, eta komunitate bat osatzea da helburua errezeta berriak erakutsi eta trukatzeko. Hortaz, nahi duenak badaki non topatuko gaituen.