Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute igandean, Lezaman
Realaren eta Athleticen arteko euskal derbia, Anoetan. (Argazkia: Reala) Realeko neskek Athleticen zelaian jokatuko du igandean, hiru puntuen bila. Sei partida baino ez zaizkio geratzen Natalia Arroyoren taldeari liga amaitzeko, eta Txapeldunen Ligan sartzeko aukerak dituzte oraindik. Izan ere, laugarren postuan da Reala, 51 punturekin, eta hirugarren dago Real Madril, 58rekin. Hala ere, Realak partida bat gutxiago jokatu du.
Azken sei jardunaldi hauetan partida zailak dituzte txuri-urdinek: Athleticen aurka jokatu ostean, Madrilera joango dira Rayo Vallecanoren aurka jokatzera. Ondoren, Zubietan Atletico Madrilen aurka jokatuko dute, eta hurrengo partida Real Madrilen aurka izango da, Valdebebasen. Azken aurreneko partida Bartzelonaren aurka jokatuko dute txuri-urdinek, Zubietan, eta azkena Valentziaren aurka, etxetik kanpo.
Realeko mutilek, bestalde, Elxen aurka jokatuko dute gaur gauean, Anoetan. Imanol Alguacilen jokalariek sailkapeneko bosgarren postuari eutsi nahi diote, baina ez da partida erraza izango, Alacanteko taldea jaitsiera ekiditeko borrokan baitago murgilduta. Europa Ligan sartzeko borroka estuan daude Reala, Vila-real eta Betis. Realak 53 puntu ditu, 52 Vila-realek, eta 51 Betisek.
Betisek geratzen zaizkion lau partidak sailkapenean azpitik dituen taldeen aurka ditu; Vila-realek Real Madrilen eta Sevillaren aurka jokatu beharko du, baita Manchester Uniteden aurkako Europa Ligako finala ere; eta Realak, Atletico Madrilen aurka jokatuko du azken lau partidetako bat.
Eskubaloian, Bera Berak Elxen aurka jokatuko du bihar, Donostian. Partida hau irabazi edo berdindu ezkero, Bera Berak liga irabaziko du, sei puntuko aldea baitu bigarrenarekiko, Rocasarekiko. Bestalde, maiatzaren 21ean Erreginaren Kopako partida izango dute Bera Berakoek; Malagaren aurka jokatuko dute, Kanaria Uharteetan.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek Manresaren aurka jokatuko du Katalunian. Azken postuan dira donostiarrak, Bilbao Basketen puntu berdinekin, eta zaila izango dute lehen mailan geratzea. Lehen mailan geratzeko azken postuan Estudiantes dago, eta Gipuzkoa Basketek baino lau puntu gehiago dituzte madrildarrek. Donostiarrei lau partida geratzen zaizkie liga amaitzeko.
FUTBOLA
Gizonezkoen Lehen maila, 35. jardunaldia
Reala – Elx (Ostirala, 21:00)
Emakumezkoen Lehen maila, 29. jardunaldia
Athletic – Reala (Igandea, 16:30)
ESKUBALOIA
Emakumezkoen Ohorezko maila, 18. jardunaldia
Bera Bera – Elx (Larunbata, 19:00)
SASKIBALOIA
ACB liga, 36. jardunaldia
Manresa – Gipuzkoa Basket (Igandea, 17:00)

