"Saarbruckenen eta Donostiaren artean antzekotasunak daude"
Maddi Kintana itzultzaile eta irakasle donostiarra (1999) beti dabil hizkuntzak ikasteko saiakeran. Aurten, ordea, gaztelera irakasten dabil Alemaniako Saarbrucken hirian. Gaztelera klaseko irakasle laguntzaile da institutu batean, eta alemana hobetzen ere ari da.

Nola bukatu du donostiar batek Alemanian irakasle lanetan?
Istorio luzea da, egia esan: ez dauka erantzun erraz edo sinple bat. Aspalditik eduki dut interesa alemanarekin: institutuan hasi nintzen alemana ikasten, eta pare bat ikasle-truke egiteko aukera izan genuen Alemaniako beste bi instituturekin. Orduan piztu zitzaidan alemana ondo ikasteko gogoa. Unibertsitatean Itzulpengintza ikasi dut, eta frantsesa eta alemana nituen hizkuntza nagusi moduan, euskaraz gain. Alemana hobetzeko gogoa nuenez, Alemanian egin nuen ERASMUS programa: sei hilabetez Passaun egon nintzen, Alemania hegoaldean. Ikasketak amaitzean banekien aukera nuela gaztelera klaseko laguntzaile moduan Alemaniara joateko, hau da, gaztelera irakasten laguntzera. Joatea erabaki nuen, nire alemana eta nire gaitasunak hobetzeko.
Nola lortu duzu gaztelera klaseko laguntzaile izatea?
Beka bat da, berez. Itzulpengintza amaitu eta gero ohikoa da irakasle laguntzaile moduan atzerrira joatea beka horrekin, modu on bat delako beste hizkuntza eta kultura bat hobeto ezagutzeko eta ikasteko. Espainiako Estatuko Atzerriko Aferen Ministerioak antolatzen du. Beka horrekin Alemaniara joan zaitezkeen bezala, Frantziara, Maltara, Irlandara, Estatu Batuetara edota Zeelanda Berrira joan zaitezke.
Zer moduz zabiltza gaztelera irakasten?
Ondo. Orokorrean gaztelera ez da nire egunerokotasuneko hizkuntza: Alemaniara joateko aitzakia bat izan da gaztelera irakasle moduan joatea. Nik gaztelera 8 urte inguru nituela ikasi nuen, eta oso gutxi erabiltzen dut nire egunerokoan: etxean eta lagunekin beti egin dut euskaraz, eta unibertsitatera heldu arte ez dut harremanik izan gazteleraz. Pentsatu nuen: gaztelera ikasleek ez dakite hizkuntza nik baino hobeto, hau da, nahiz eta nik maila kaskarra eduki, ikasleek are kaskarragoa dute. Bueno, aukera on eta erraz bat da alemana hobetzeko, azkenean.
Nolakoa da Alemaniako hezkuntza-sistema?
Oraingoa ez da nire lehenengo esperientzia Alemaniako hezkuntza-sisteman: badaude antzekotasun batzuk, baina desberdintasunak ere bai. Adibidez, hizkuntzak irakasterako garaian askoz informalagoa dela iruditzen zait, behintzat gazteleraren kasuan. Ni Saarlanden nago, eta hor frantsesa derrigorrezko ikasgaia da; orduan, frantsesaren irakaskuntza ez da agian hain askea. Baina gazteleraren kasuan ikusten dut irakasle bakoitzak apur bat nahi duena egiten duela eta ikasleek oso maila ona lortzen dutela amaieran. Horrek harritu ninduen, hemen ez delako horrela. Bestalde, ikasleak askoz diziplinatuagoak direla iruditzen zait, eta parte hartzea oso garrantzitsua da beraientzat: galdera bat egitean beti daukazu erantzunen bat, beti dago norbait erantzuteko prest. Hori hemen agian apur bat zailagoa da lortzea, ez zaigu hainbeste gustatzen. Alemanian ebaluazioan zati handi bat parte hartzean oinarritzen da, eta horretara ohituta daude.
Zein antzekotasun daude Saarlanden eta Euskal Herriaren artean?
Badaude batzuk, egia esan. Ni Saarbruckenen bizi naiz, eta zonalde berezi batean dago. Saarland Frantziak okupatu zuen urte luzez; orduan, frantsesa asko entzuten da. Donostian ere frantsesa asko entzuten da, eta Donostiara frantses hiztunak erosketak egitera joaten diren bezala, Saarbruckenen berdina gertatzen da. Paralelismo barregarria iruditu zitzaidan ikustea larunbatetan frantsesa baino ez zela entzuten Saarbruckenen. Gero, hiriaren tamaina Donostiaren berdina da, Donostiaren biztanle kopuru ia berdina dauka, eta hori oso bitxia iruditu zitzaidan. Jendea oso irekia da, paisaia berdea da oso. Nik antzekotasunak ikusten dizkiot Donostiarekin.
Hizkuntzak ikasteko zaletasuna nondik nora datorkizu?
Ez dakit. Txikitan banekizkien hizkuntza batzuk: Frantzian bizi izan nintzen eta frantsesa ikasi nuen. Gaztelera eta ingelesa oso erraz ikasi nituen, gero alemana hasi nintzen ikasten, eta Itzulpengintza ikastea erabaki nuen. Txinera ikasten ere aritu nintzen. Beti eduki dut gogoa kultura ezberdinak ezagutzeko: hizkuntza batean ikusten nuen telesail bat edo entzuten nuen abesti bat bertako kultura ezagutzeko. Suitzarekin lotura handia izan dut: han familia dut, eta beraiekin beraien hizkuntzan hitz egin nahi nuen ere bai. Beti nabil hizkuntzak ikasteko saiakeran.
Uste duzu Donostiak eskaintza ona duela hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez?
Nik uste dut hobera doala. Lehenago frantsesaz eta ingelesaz gain ez zeuden hainbeste aukera beste hizkuntza batzuk ikasteko, baina orain badaude errusiera, italiera edo japoniera akademiak, adibidez. Donostian hori aurkitu dezakezu orain.
Zer iruditzen zaizu Donostiako egoera linguistikoa?
Euskarari dagokionez, tristea, baina hobera doa: nik gero eta gehiago entzuten dut euskara gazteen artean. Horrek asko pozten nau. Ni oroitzen naiz institutuan geundenean gu ginela talde bakarrenetarikoa euskaraz egiten zuena. Gero, uste dut frantsesa gero eta jende gehiagok dakiela Donostian: niretzat garrantzitsua da frantsesa jakitea; Euskal Herriko hizkuntzak jakitea garrantzitsua da.
Alemanian jendeak ezagutzen du Euskal Herria?
Tokiaren arabera. Adibidez, irakasleek orokorrean ezagutzen dute, baina Euskal Herriaren oso irudi erregionalista dute. Exotikoa iruditzen zaie, eta asko konparatzen dute Saarlandekin edo Bavariarekin. Beti ahalegintzen naiz ahal dudan hoberen azaltzen zer den Euskal Herria, eta azaltzen, noski, nire ama-hizkuntza ez dela gaztelera, baizik eta euskara.