Beste zulo bat aurkitu dute metroko obretan
Kontxako hondartzako kabinetan aurkitu dute. Rafael Munoa kalea itxi dute, Kontxa pasealekua eta Zubieta kalea lotzen dituen kalexka.
EH Bilduk salatu duenaren arabera, Donostiako Metroaren lanetan beste zulo bat aurkitu dute gaur goizean. Oraingoan, Kontxako hondartzako kabinetan aurkitu dute. Rafael Munoa kalea itxi dute, Kontxa pasealekua eta Zubieta kalea lotzen dituen kalexka. Hainbat kamioi eta langile ari dira kalteak baloratzen. Aurretik, Donostiako Udalak Twitter bidez jakinarazi du Kontxako kabinak itxita zeudela, “matxura” batengatik. Ondoren, udaleko iturriek hedabide honi adierazi diote kabinak iaztik itxita daudela.
Hainbat bizilagunek EH Bilduri ohartarazi diote zuloaz, eta arratsaldeko lehen orduan udal taldeko zinegotziak gertakarien ingurura joan dira gertatutakoaz gehiago jakiteko. Langileek zinegotziei esan diete Obraren Zuzendaritza eta Donostiako Udala jakinaren gainean zeudela. EH Bilduk “metroko lanen inguruan dagoen iluntasuna” salatu du. “Donostiari dagokionez, bereziki larria iruditzen zaigu EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak oraindik egoeraren berri eman ez izana”.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) EH Bilduk adierazitakoa baieztatu du, eta, azaldu duenez, ohiko ikuskapen bat egiten ari zirela ikusi dute zuloa, Kontxako kabinen forjatuaren azpian, eguerdi aldera. ETSren arabera, lanetako eta udaleko teknikariek ziurtatu dute zuloak ez duela eraginik izan kabinak oinarritzen dituen forjatuaren egituran. Horrekin batera, adierazi dute gaurko zuloak duela urtebete sorturiko beste zuloarekin lotura izatea: “Mugimendu horrek inguruko hareen deskonpresioa eragin zuen, eta baliteke deskonpresio hark egoera hau sortu izana. Gertakari haren ondoriozko hondar mugimenduak dira”. Egunean zehar hormigoiz estaliko dute zuloa.
Metroko zuloak
Ez da Donostiako metroko lanetan zulo bat sortzen den lehenengo aldia; 2020. urtean bi zulo agertu ziren Zubieta kalean. Ekainaren 5ean izan zen lehena, Londres Hotelaren ondoko eraikinean. Bestea, azaroaren 17an izan zen, eta kaleko errepidearen erdian agertu zen zuloa. EH Bildu Donostiak salatu du arazo hauek metroaren zati honetan lurra oso ezegonkorra delako gertatu direla, eta udal taldeak behin baino gehiagotan eskatu du lanak bertan behera uztea.