Orduko 10 eta 30 kilometro bitarteko abiadura muga izango da hiriko bide gehienetan
Maiatzaren 11tik aurrera, Donostia «30 hiria» izango dela adierazi du Donostiako Udalak. Hiriko bide eta errepideen abiadura mugatzeko neurriak pasa den astean aurkeztu zituzten Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak eta Mugikortasun zuzendari Jone Argoitiak. Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (TZN) 2020ko azaroaren 11n bultzatutako Errege Dekretuaren arauak beteko ditu udalak. Dekretuaren helburua da bideen abiadura mugatuz hirietan gertatzen diren ezbeharren kopurua murriztea.
Nolanahi ere, udalak ez du dekretua bere osotasunean aplikatuko, «dekretuak ahalbidetzen dituen salbuespenak aintzat hartuz». Dekretuak dio hirigunean gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izan behar duela, baina kasu batzuetan handitu edo gutxitu egin daitekeela. Udalak hainbat eredu eman ditu. Urbieta kalean, esaterako, orduko 40 kilometroko abiadura hartu ahal izango da gehienez, eta Pasealeku Berrian 20 kilometrokoa izango da. Abiadura 40ra handitzea garraio publikoaren jarioa hobetzeko egin dute. Dbus eta Lurraldebusekin lanean aritu dira leku batzuetako abiadurak adosteko.
Hiriko sarrera eta irteeretan orduko 50 kilometroko abiadura hartu ahal izango da, baina eskolak gertu dauden eremuetan jaitsi egingo da abiadura. «Mirakruz gainetik Bidebietako biribilgunera gehienezko abiadura 30era jaitsiko da, nahiz eta lehenagotik ere mugatua zegoen», adierazi zuen Aranak. Hala ere, antzeko beste kasu batzuetan ez da murrizketa hau egin, Amara Berri eta Usandizaga ikastetxeen ondoan adibidez, baina udalak ez ditu arrazoiak eman.
Abiaduren mapa eta zigorrak
Udalaren webgunean ikus daiteke Donostiako errepide guztien mapa, eta kolorez bereiztu dituzte kaleen zatiak. Horrez gain, araua urratzeagatik ezarriko dituzten zigorren berri eman dute. 100 eta 600 euro arteko isunak jarriko dituzte, eta gehienez sei puntu kenduko diote neurria errespetatzen ez duenari. Radar mugikorren kokapenak publikoak izaten jarraituko dutela adierazi du udalak.