Barandiaran tabernaren suntsiketa salatu du Ancora elkarteak
Ancora ondarearen babeserako elkarteak Barandiaran tabernako obrak gelditzeko eskatu dio Donostiako Udalari, lokalaren bi fatxaden jatorrizko estaldura suntsitzen ari direlako. Marmolezko paretak baino ez dira geratzen: jatorrizko egitura ia osoa desagertu izana salatu du Ancora elkarteak, eta eraberritze zaindu baten ordez “suntsiketa” bat burutzen ari direla adierazi du elkarteak.
Kale Nagusiaren 2. zenbakian zegoen kafetegiak ateak itxi zituen 2019an, eta balio historiko eta artistiko oso handia du. Ancoraren arabera, hiriko azken kafetegi historikoa da, eta art déco estiloko lokalik “onena” da. Gainera, Barandiaran tabernaren jabe berriek Erdi Aroko harresi zaharra aurkitu zuten martxoan, sotoko paretak botatzen ari zirela.