COVID-19ari aurre egiteko hiriak udako plan bat behar duela dio Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiaren ustez “ezinbestekoa” da hiriak koronabirusari aurre egiteko udako plan bat izatea, “pandemiak eragin ditzakeen kalteak aurreikusteko eta Donostiak eskaintzen dituen aukera guztiak modu seguruan garatzen laguntzeko”. Hori dela eta, Aitzole Araneta bozeramaileak interpelazioa aurkeztu dio Eneko Goia alkateari.
Udalak ekarpenak egin behar dituela uste du Aranetak, “ziurgabetasunari, frustrazioari eta nekeari irtenbidea jar diezaion eta bizikidetza osasuntsua ahalbidetuko duten neurriekin bideratu dezan, non guztiok zainduko garen eta pandemiatik salbu egongo garen”.
Donostian %70eko txertaketa lortu arte, neurriak hartu behar direla azpimarratu du udal taldeak: “Hiri gisa ditugun gaitasun guztiak modu zibiko eta solidarioan garatzen lagunduko diguten neurriak martxan jarri behar ditugula uste dugu”. Ildo horretatik, maiatzean zehar hainbat proposamen aurkeztuko dituzte.