Europako txapelketa irabazi du Miren Lazkano piraguista donostiarrak
Urrea irabazi du Miren Lazkano piraguista donostiarrak, Ivreako (Italia) Europako txapelketan. C1 kategoriaren onena izan zen asteburuan, zailtasun ugari gaindituta. Teresa Fiserova txekiarraren eta Elena Apel alemaniarraren aurretik geratu zen Lazkano.
Sailkapen saioetan bigarren txanda behar izan zuen donostiarrak aurrera egiteko, eta finalaurrekoetan erakutsi zuen garaipenerako lehian izango zela. Laugarren bukatu zuen finalaurrekoetan, eta konfiantzarekin ekin zion finalari. Dena dela, hirugarren atean irauli egin zen, eta akats hori gainditzeko ibilbide bikaina egin zuen. Denbora bikainak lortu zituen, batez ere, bigarren zatian.
Lazkano pozik agertu zen finalean erakutsitako mailarekin: “Atean irauli ondoren, orain edo inoiz ez esan nion nire buruari. Ondo atera da, eta ni neu ere harrituta geratu naiz. Oso pozik nago, eta eskerrak eman nahi dizkiet hori lortzen lagundu didaten guztiei. Orain lasaitasuna sentitzen dut, lanak fruituak eman dituelako. Honek aurrera egiteko plus bat ematen dit”.