Metroaren lanetan aurkitutako zuloarengatik, "azalpenak" eskatuko ditu EH Bilduk
Donostiako Metroaren lanetan beste zulo bat aurkitu dute zuten ostiralean, Kontxako hondartzako kabinetan. Gertakizun horren aurrean, EH Bilduk “azalpenak” eskatuko ditu ETS Euskal Trenbide Sarearen batzordean. Izan ere, Euskotrenen Donostiako lanen jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkorra biltzeko eskatu du koalizio abertzaleak, eta “iluntasunaren politika” egitea egotzi dio udal gobernuari: “Lehen eta bigarren zuloarekin ez bezala, oraingoan, Udalak ez du honi buruzko komunikaziorik egin, eta ETSk soilik ohar bat argitaratu zuen EH Bilduk zuloaren berri eman ondoren”, adierazi dute.
EH Bilduren ustez, ezin da “normaltzat” hartu beste zulo baten agerpena: “Erakunde publikoek ezin dute normaltzat jo hirigunean, jendea bizi den eraikinen azpian edo erabilera publikoko azpiegitura baten azpian zuloak agertzea. EH Bilduk ez du hau onartuko, ez dugu beste alde batera begiratuko. EAJ-PSEk argitu behar dute zenbat zulo egon daitezkeen gaur egun inguru horretan, eta zer egiteko asmoa duten, orain arte egindakoaz gain, langileen eta bizilagunen segurtasuna bermatzeko”, azaldu du koalizioak.