"Gure familiak beti izan du langileen borrokaren aldeko jarrera"
Ategorrietako sarraskian zazpi langile erail zituen Guardia Zibilak. Haien ondorengo batzuk Euskal Herrian geratu ziren. Horietako bat da Cristina Novo: bere osaba Jose Novo Ategorrietan hil zuten. "Oso garrantzitsua da jende gazteak gertatutakoa ezagutzea", Novoren ustez.
Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Mezu hori transmititu zuen atzo Cristina Novok Altzako Tomasene kultur etxean. Izan ere, Ategorrietako sarraskian Guardia Zibilak eraildako zazpi langileetako bat osaba zuen: Jose Novo galiziarra 25 urte zituela hil zuten. EH Bilduk antolatutako hitzaldian izan zen Cristina bere senarrarekin eta bi alabekin batera, eta Josetxo Otegi historialariak Ategorrietako sarraskiaz eman zituen azalpenak adi entzun zituen. “Oso garrantzitsua da jende gazteak gertatutakoa ezagutzea”, uste du eraildako langilearen ilobak.
Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira, Ategorrietako sarraskia gertatu zen: Donostian izan den langileen aurkako sarraskirik handiena. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
Ategorrietan eraildako langileetako bat Jose Novo zen, Cristinaren osaba. Galiziakoa zen –Santa Eugenia de Riveirakoa, zehazki–, eta lanera etorri zen Euskal Herrira: “Ategorrietako sarraskia gertatu baino pixka bat lehenago etorri zen Pasaiara. Armadoreak jende bila joan ziren Galiziara, hemenlan egiteko jendea behar zutelako. Hona iritsi zenean, hemen zeuden arazoak ikusi zituen, eta jendea greban zegoela ikusi zuen. Horregatik, lanera ez joatea erabaki zuen, eta lankide euskaldunekin solidarizatu zen: arrazoi horrengatik erabaki zuen manifestaziora batzea”, azaldu du bere ilobak. Zoritxarrez, 25 urteko gaztea tiroz hil zuen Guardia Zibilak Ategorrietan.
Senideak, ordea, Euskal Herrian geratu ziren. Novotarrak 22 anai-arreba ziren, eta Jose izan zen etorri zen lehenengoetarikoa: gero beste bost anai-arreba eta ama etorri ziren Euskal Herrira. Cristinaren aita 1936ko gerraren ostean heldu zen Trintxerpera, eta hor jaio zen Cristina: Trintxerpe Etxean, hain zuzen ere. Errenterian bizi da egun bere senarrarekin eta bi alabekin.
Cristina Novoren iritziz, “garrantzitsua” da gazteek iragana ezagutzea: “Ategorrietako sarraskia eta langile horien borroka geure historiaren parte dira, eta nondik gatozen jakin behar dugu. Gure familiak beti izan du langileen borrokaren aldeko jarrera, eta horren zergatia eta jatorria ezagutzea garrantzitsua da: jasan ditugun heriotzak eta zailtasunak ezagutzea”.
Maiatzaren 27an 90 urte beteko dira Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik, eta EH Bilduk dibulgazio, oroitzapen eta omenaldi ekitaldiak antolatu ditu. Horietako bat izan zen atzo Tomasene kultur etxean emandako hitzaldia. Ekitaldi gehiago ere egingo dituzte ondorengo egunetan.