Gizon bat epaituko dute maiatzean, 2018ko Aste Nagusian adingabeko neska bat erasotzeagatik
Donostiako mugimendu feministak eta Donostiako Piratek Aste Nagusiak egindako elkarretaratzeetako bat. (Argazkia: Irati Salsamendi) Hilabete honetan gizon bat epaituko dute, 2018. urteko Aste Nagusian adingabeko neska bat sexualki jazartzeagatik. Fiskaltzak lau urteko kartzela zigorra eskatzen du ustezko erasotzailearentzat, baita 6.000 euroko kalte ordaina ere. Egozten dioten delitua “haragitzez gauzatu gabeko sexu erasoa” da.
Zehazki, Kursaalean egin ohi den diskofestan egin zion eraso gizonak adingabeari. 29 urte zituen une horretan, baina neskari 24 zituela esan zion. Garai hartan 16 urte zituen neskak, eta hasiera batean adostutako muxu eta bestelakoak izan zituzten. Gizona neskaren sexu organoak ikutzen hasi zen, eta neskak adierazi zion ez zuela jarraitu nahi. Gizonak ez zion kasurik egin, eta jarraitu egin zuen, neskaren ezezkoari muzin eginez. Aurrerago neska bortxatzen saiatu zen, baina azkenean joaten utzi zion.
Eraso honen ostean, neskak depresio eta antsietate nahasmendua izaten jarraitzen du, eta autolesio saiakerak izan dituela ere adierazi du.
2018ko Aste Nagusia
Urte hartan hainbat eraso sexista egon ziren Donostiako jai nagusietan; gutxienez zazpi eraso salatu ziren. Aurrekaririk gabeko zifrak izan ziren, eta azken orduko bilera egin zuten udaletxean. Jaien itxiera ekitaldian minutu bateko isilunea egin zuten, eraso matxistak pairatutako emakumeen omenez. Bestalde, diskofestaren azken gaua bertan behera utzi zuten.

