EH Bilduk salatu du udalak Etxegintzaren protokoloan etxegabetzeko aukera txertatu duela
Udal gobernuak Etxegintzaren berankortasunaren protokoloan etxegabetzearen aukera txertatu duela ohartarazi du EH Bilduk. Hori dela eta, datorren asteko udal batzordeetan azalpenak eskatuko dizkiote Eneko Goia alkateari. “Goiak berresten al du, alkate gisa, udalbatzak hartutako konpromisoa Donostia kaleratzerik gabeko hiria izendatzeko?”, adierazi du EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek.
Udal taldeak azaldu duenez, berankortasun egoera baten aurrean jarduteko jarraibideak jasotzen ditu aipatu protokoloak. Dokumentu horretan, betebehar ekonomikoak ordaindu ez direla egiaztatu ondoren, etxebizitzaren errentarien eta gainerako gastuen ordainketari aurre egiteko neurriak jasotzen dira. “Bada, orain arte, protokolo horretan ez zen jasotzen, udalbatzak 2015ean hartutako erabakiarekin bat etorriz, etxegabetzearen erabilera”, azpimarratu du Burutaranek.
Datuak babesteko araudia betetzeko protokoloa aldatu behar da, eta hori udal gobernuak “aitzakia” gisa erabili duela dio Burutaranek, “etxegabetzearen aukera sartzeko”. Lehen ez zegoen aukera hori udalaren eta Etxegintzaren etxebizitzak kudeatzeko jarduera protokoloan.