Groseko Maria Inmaculada ikastetxearen itxiera salatu dute
Groseko Maria Inmaculada ikastetxea hotel bat eta supermerkatu bat eraikitzeko itxiko dute, 101 urteren ostean; 150 ikaslek ikasi eta hamalau langilek egiten dute lan bertan. Langile batzuek 40 urte baino gehiago daramate bertan lanean, eta “engainatuta eta baztertuta” sentitzen direla adierazi dute. Egoera hau salatzeko, elkarretaratzeak eginten ari dira ikastetxeko ikasle eta irakasleak astelehen, asteazken eta ostiraletan. Protesta egiteaz gain, ikastetxearen ingurutik pasatzen zen jendeari eskuorriak banatu dizkiete ikasleek, egoeraz ohartarazteko.
Eskolaren itxieraz gehiago jakiteko, Maria Inmaculadako irakasle den Nuria de la Peñarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk; de la Peñaren arabera, apirilaren 20an jakin zuten ikastetxea itxi egingo zutela ikasturtearen bukaeran. Erlijio kongregazioak “ikastetxea ekonomikoki errentagarria ez dela” adierazi die langileei, baina de la Peñak dio urtero jendeak matrikulatzen jarraitzen duela. “Ikastetxera etorri ziren eta zuzenean esan ziguten itxi egingo zutela, matrikula epea hasi aurretik, gainera”, dio de la Peñak. Ekainean amaituko dute 2020/2021 ikasturtea, eta hortik aurrera itxi egingo dute.
Ikastetxea dagoen lekuan proiektu “erraldoi” bat egingo dutela dio de la Peñak: “Hotel bat, supermerkatu bat eta lur azpiko aparkaleku bat egingo dute. Hasieran, ikastetxea orain parrokia dagoen lekura lekualdatu behar zuten, baina orain esan digute itxi egingo dutela azkenean”. Donostiako Udalarekin bildu ziren ikastetxeko irakasleak, baina hurrengo udalbatzarrean proiektua onetsiko dutela dio de la Peñak: “Ez digute inolako irtenbiderik eman”.