'Krokodiloaren Malkoak', Lamiak taldearen hurrengo diskoaren bigarren aurrerapena
Lamiak hard rock power talde donostiarrak bere bigarren diskoa argitaratzeko lanean jarraitzen du, eta bigarren aurrerapena argitaratu berri du: Krokodiloaren Malkoak. Bizitzako momentu txarrei buruz hausnartzea du helburu stoner estiloko singleak: “Pasarte hori igaro dela eta bertatik ikastea besterik ez dela geratzen baloratzeko animoa da. Mezu positiboa helarazten du, nahiz eta guztiok ditugun jaitsiera horiek guztiak izan, haiengandik ikasita aurrera egingo dugula azpimarratuz”, azaldu du taldeak.
Krokodiloaren Malkoak abestiaren aurretik, Eskerrak argitaratu zuten donostiarrek. Bigarren diskoaren lehenengo aurrerapena izan zen, eta Jose Ramon Soroiz aktorea izan zen bideoklipeko pertsonaia nagusia.
Ander Aranburu (gitarra eta ahotsa), Xabi Arrazola (baxua) eta Xabier de la Fuente (bateria) musikari donostiarrek osatzen dute Lamiak, eta 2017an sortu zuten taldea. Euren lehenengo diskoa, Itsuen Aroa, 2019an argitaratu zuten, Gaztain estudioetan grabatuta. Krokodiloaren Malkoak ere estudio horretan grabatu eta ekoiztu dute, Eñaut Gaztañagarekin.