Amara Berriko ostalariek afariak "lasai" eman nahi dituzte
Amara Berrin ostalaritzak garrantzi handia dauka: auzoko kale eta plaza gehienetan daude tabernak, eta auzotarrek (eta auzo batzuetakoek) joera handia dute Amara Berriko tabernetan zerbait hartzeko edota otorduak egiteko. Horietako bi dira Esparru eta Xanti tabernak. Auzoko taberna zaharrenetarikoak izango dira, eta bezero fidelak dituzte. Gainerako tabernei bezala, pandemiak eragin die, baita alarma egoeraren amaierak ere. Izan ere, igandetik 22:00ak arte eduki ditzakete irekita establezimenduak, baina gehienez lau pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean. Gainera, barrualdeko edukiera %50era mugatuta dago, eta debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.
1980ko hamarkadatik dago Esparru taberna Karlos I.aren etorbidean, eta azken lau egunetan aldea nabaritu dutela adierazi du Jose Juan Lujanbio tabernariak: “Tabernaren barnealdea irekitzearekin jende gehiago etorri da”. Hala ere, oraindik ez dituzte afariak ematen: “Guretzat egoera ideala 23:30ak edo gauerdira arte irekitzea izango zen, afariak bukatu eta lasai ederrean kopatxo bat hartu ahal izan dezaten bezeroek. 22:00etan ixtea larri geratzen da”, adierazi du Lujanbiok.
Hala ere, bezero fidelak dituzte, eta “eskerrak horri”, esan du tabernariak: “Guk eguna ondo egiten dugu. Goizetan eta arratsaldean, gosariekin eta bazkariko menuekin”. Lujanbioren ustez egoera antzekoa izango da ondorengo asteetan, baina “abuztu alderako” egoera hobea biziko dutela uste du.
Gaur egungo Amara Berriko eraikinak agertu aurretik zegoen Xanti taberna auzoan. Anoeta estadioa dagoen lekuan zeukaten taberna Anoeta baserrian, eta egun, estadioaren ondoan dute taberna, jatetxea eta hotela. Xanti Munduate tabernariaren ustez, alarma egoeraren osteko egoera ez da hobea: “Bi ordu gehiago jarri dizkigute, eta horrekin ez goaz inora. Lehenago jendea arratsaldeko zortzietan bidaltzen genuen, eta ordu pare bat gehiago geratzen da orain, lasai-lasai. Lasaitasun handiagoa dugu, hori bai”.
Munduatek esaten du “positiboa” dela, baina uda “berdintsua” irudikatzen du: “Hau dena normaltasun batera iristen denean, denak normal ibiliko gara. Besterik ez dago. Urte hau dagoen bezala pasa beharko dugu, eta txertaketa prozesua behar bezala badoa, datorren urtean normaltasunera itzuli beharko ginateke”.
Afariak ematen hasi badira ere, ordutegiek ez diete laguntzen: “Gipuzkoan eta Euskal Herrian ez dugu 18:00etan afaltzen: ez dugu frantsesen ordutegia. Bezeroak gaueko bederatzietarako bidaltzen hasi behar dugu hamarretarako ixteko”, adierazi du tabernariak.
Xanti Munduate “positiboa” da, esan bezala: “Orduan, lasai ibili behar dugu, buelta emango diogu honi, eta gora gu ta gutarrak!”.