Turistak hasi dira dagoeneko ostatuetan udako erreserbak egiten
Pandemiak gizarteko sektore gehienak kolpatu ditu, eta turismoaren sektorea da horietako bat. Donostian dauden hotel, ostatu eta aterpetxeek ez dute apenas bezerorik izan denboraldi batzuetan, mugikortasun mugen ondorioz. Igandean alarma egoera bertan behera geratu zen, eta ordutik, Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da, eta Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke. Hasi dira hiriko ostatuak aldaketa nabaritzen.
Getaria eta San Martin kaleen arteko kantoian dago Pension Donostiarra ostatua, eta udara begira aurreikuspen ona dute: “Uztaila eta abuztua nahiko beteta ditugu. Alarma egoera amaitu denez, jende asko hasi da erreserbatzen, baina erreserba bertan behera uzteko aukerarekin. Hainbat herrialdetako jendeak egin ditu erreserbak”, azaldu du arduradunak.
Hiriko beste ostatu bat Alfontso VIII. kaleko Aristizabal ostatua da. Arduradunarentzat –Edurne du izena– “zaila” da oraindik nolako uda izango duten aurreikustea: “Maiatzaren 9tik erreserba batzuk egin dituzte asteburuetarako, eta hori lehenago ez zen gertatzen. Hala ere, niretzat oraindik goiz da jakiteko: aste honetan jarriko ditut ekaineko prezioak, eta ea zenbat animatzen diren”.
Ostalaritzari ezarritako mugek eragina dute Edurneren negozioan, bere arabera: “Nire pentsioa txikia da, eta nik normalean prezioak hilabete bateko aurrerapenarekin jartzen ditut. Nire pentsiora etortzen diren turistek gau bat edo bi egun asko jota egiten dituzte hemen, eta pintxoak jatera, bazkaltzera, hondartzara eta paseatzera etortzen dira. Ostalaritzako ordutegien mugak mantentzen badituzte, esango didazu zertarako etorriko diren”, azaldu du.
Aristizabal ostatuak aurreko udan izan zituen bezeroak, baina ordutik hona gorabeherak izan dituzte: “Aurreko urteko uztailaren 10etik aurrera hasi zen jendea iristen, eta uda nahiko animatua izan zen abuztu amaierara arte. Prezioek ez dute zerikusirik beste urte batzuetakoekin. Iraila iritsi zen, eta ez zen inor etorri. Urteko lehen hilabeteetan frantses batzuk etorri zitzaizkidan asteburuak pasatzera, baina han muga gehiago jartzen hasi zirenean etortzeari utzi zioten”.
Udari begira daude ostatuak, itxaropenez.