Udalak 2,2 milioi euroko laguntza bideratu du merkataritzarako eta ostalaritzarako
Donostiako Sustapenak 2021eko PREK Ekonomia Suspertzeko plana abian jarri du. Guztira, 2.250.000 euroko laguntza bideratuko dute hiriko merkataritza eta ostalaritza sektoreetara. Horrekin batera, erosketa bonuak atera dituzte. Ekarpena milioi 1 eurokoa da 125.000 bonu saltzeko, eta horrek 2,5 milioi euroko diru sarrerak sortuko dizkio sektoreari.
Gehienez 15.125 euro jaso ditzake establezimendu bakoitzak, laguntza guztiak eskatzen badituzte: zuzeneko laguntzak, erosketa bonuak eta emakumeak eta 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzak. Datozen egunetan irekiko da epea establezimenduek erosketa bonuen sisteman parte hartzeko aukera izan dezaten.
“Gure egitekoa da une honetan gehien behar duten sektoreei laguntza ematea, hiriko merkataritzari eta ostalaritzari, alegia. Laguntza hauekin, hiru helburu lortuko ditugu: jarduerari eustea, kontsumoa suspertzea eta enplegua sustatzea 45 urtetik gorako pertsonen kolektiboan. Baina, horrez gain, berriro ere Donostiako herritarren elkartasunari egiten diogu deia. Hain zuzen ere, herritarrek sentsibilitate berezia erakutsi dute kalterik gehien jasan dutenekiko, eta erosketa bonuak kontsumitu dituzte beren eskura jarri ditugunean”, azaldu du Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak.
Laguntzak Donostia Sustapenaren webgunean eskatu daitezke. Aldiz, bonuak ekainean erosi ahal izango dira hemen: www.dssmarketplaza.eus. Trukea egiteko, 2021eko abenduaren 31ra arteko epea dago.