Larunbatean hasiko da Altzako VIII. Naturaldia, Antondegi bisitatuz
Hemen da Altzako VIII. Naturaldia: Altzako Historia Mintegiak Donostia Kulturarekin eta Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean antolatuta, Altza inguruko gune naturalak ezagutzeko aukera eskainiko dute maiatzean.
Larunbatean, hilaren 15ean, egingo dute lehenengo ibilaldia, Antondegira. Lau Haizeta parkeko bidegurutzetik abiatuta, 27 industrialdera jaitsiko dira, eta Antondegi gainara igoko dira handik. Gunea zeharkatuko dute, Astigarragara heldu arte; handik, aldapan gora joango dira, abiapuntura itzultzeko. Marko Sierra naturzaleak gidatuko du ibilaldia (hiruzpalau ordu izango dira, euskaraz), eta 943-35 11 49 telefono zenbakira deituta eman behar da izena. 9:30ean abiatuko dira Casares Kultur Etxetik, eta 10:00etan Lau Haizetako bidegurutzetik. Pandemia dela eta, ibilaldira joan daitezkeen pertsona kopurua murriztu egin dute, baina ibilaldia eskuorri batean jasoko dute, eta Sierrak hilaren 28an eskainiko duen hitzaldian banatuko dute.
Horrez gain, honakoak dira maiatzean egingo dituzten gainontzeko jarduerak:
- Maiatzak 22: Un paseo didáctico entre rocas. Descubriendo el pasado geológico de Altza hitzaldia, Txema Hernandezen eskutik. Altzako ezaugarri geologikoen berri emango du Hernandezek, auzoaren historia geologiaren bidez ezagutzeko. Tomasene Kultur Etxean izango da, 18:30ean, gaztelaniaz.
- Maiatzak 22: Hilaren 15ean Antondegin egingo duten ibilaldi bera egingo dute, baina, oraingoan, bisita gidatua gaztelaniaz izango da. Parte hartu ahal izateko, aipatu telefono zenbakira deitu behar da, eta aurrekoaren ordutegi bera izango du.
- Maiatzak 28: Ibilaldi naturalistikoak Altzan zehar hitzaldia eskainiko du Marko Sierrak, eta Altzatik ibilaldi naturalistikoak egiteko aukerak aurkeztuko ditu. Tomasene Kultur Etxean izango da, elebitan, 18:30ean.