Metroko lanek eragindako hirugarren zuloa orain arteko handiena dela dio EH Bilduk
EH Bilduk presazko interpelazio bat erregistratu du udal gobernuak metroko lanek eragindako hirugarren zuloaren inguruko azalpenak eman ditzan. Horrekin batera, pasa den ostiralean Kontxako kabinen azpian azalduriko zuloa orain arteko handiena dela ohartarazi du udal taldeak.
“Zuloa aurrekoak baino askoz handiagoa da: 100 m3 hormigoi behar izan dituzte hirugarren zuloa estaltzeko, lehenengoan 30 m3 eta bigarrenean beste 30 m3 behar izan zituztenean”, azaldu du Garbiñe Alkiza zinegotziak. Hirugarren zuloak iazko ekainean eta azaroan azaldurikoen tamaina hirukoizten duela gaineratu du. “Badirudi zenbat eta zulo handiagoa, orduan eta iluntasun handiagoa printzipioa jarraitu dutela”.
Zuloa “hain azkar” estali izana “deigarria” dela dio EH Bilduk. “Dakigunez, oso denbora gutxi izan zuten alternatibak aztertzeko edo kabinen azpian zulo gehiago ote zeuden egiaztatzeko. Lehenbailehen estaltzeko agindua zegoen. Azkartasun hori ez dator bat, halaber, herritarrei informazioa emateko moteltasunarekin”.
Udal gobernuaren “isiltasuna”
Udalak pasa den ostiraletik izan duen jokabidearen oso kritiko azaldu da EH Bildu. “Nahiz eta hirugarren zuloa udal instalazio publiko batzuetan agertu, matxura abisu baten bidez ezkutatu nahi izan da. EH Bildu izan zen albistea eman zuena, eta horren ondoren ere, udal gobernuaren erantzuna isiltasuna izan da”.
Horrez gain, Eneko Goia alkateak donostiarrei “azalpen asko” eman behar dizkiela uste du Alkizak, “udal gobernuak gai honekin duen gardentasun ezagatik eta herritarrei egia ez esateagatik”. Horrekin batera, Donostiako Metroaren lanen jarraipenerako batzordean azalpenak eskatuko ditu EH Bilduk, “EAJk eta PSE-EEk deialdia behingoz egitea erabakitzen dutenean”.