'Saltsan ibili' egitasmoari jarraipena emateko beste hiru errezeta prestatuko dituzte
Hau Egia da! sareak Saltsan ibili egitasmoa abiatu zuen pasa den igandean. Plaza Haundin jatorri desberdinetako hogei bat lagun elkartu ziren, eta Dominikar Errepublikako Belkis Johnek prestaturiko totoneak dastatu zituzten. IRUTXULOKO HITZAk John elkarrizketatu zuen pasa den astean.
Lehen esperientzia “oso positiboa” izan zela dio Hau Egia da! sareak. Egian integrazioa eta partaidetza sustatzea da egitasmoaren helburua. “Elikagaiei buruz hitz egin genuen. Izan ere, elikagaiek ez dute inor baztertzen, eta pertsonak elkartzeko balio dute. Errezeta ugari proposatu ziren, eta horietako batzuk egingo ditugu”.
Parte hartu zuten pertsona guztien datuak hartu zituzten, eta sarearen asmoa da beste hiru topaketa egitea. Bakoitzean errezeta bat prestatuko dute. “Elkarte batean prestatuko ditugu errezetak, eta guztion artean konpartituko ditugu”. Aurreikusi dituzen hiru errezetak hauek dira: tajina, babarrun beltzen gisatua eta sancochoa guakamolearekin.