Alarma egoera bukatu da: eta orain zer?
Alarma egoera bertan behera geratu zen igandean, eta ordutik, ez dago mugikortasun mugarik, ezta etxeratze agindurik ere. Hiriko ostatuetan hasi dira udako erreserbak egiten, eta tabernetan, berriz, afariak emateko "larri" dabiltza oraindik.
Iazko azaroaren 9tik indarrean zegoen alarma egoera bertan behera gelditu zen larunbatetik iganderako gauerdian, eta, hori dela eta, dagoeneko ez dago mugikortasun mugarik, ezta etxeratze agindurik ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren transmisioa saihesteko hainbat neurri ezarri ditu dekretu bidez, tartean ostalaritza establezimenduek 22:00etan itxi behar izatea. Jaurlaritzaren neurriak, gutxienez, sei astez egongo dira indarrean, Labi batzordea egoera aztertzeko berriz bildu arte. Denbora tarte horretan, txertaketa prozesua azkartzea espero du Jaurlaritzak; 59 urtetik beherakoei txertoa jartzeko ordua ematen hasi da dagoeneko Osakidetza. Janssenen txertoa hartuko dute 50 eta 59 urte bitarteko pertsonek.
Larunbat gauerdian, alarma egoera amaitu bezain pronto, herritar asko kalera atera ziren, aspaldiko partez gaueko giroaz gozatzera eta paseo bat ematera, gau giro ederra zegoen eta.
Izan zen, ordea, mugarik gabe jokatu zuenik ere. Donostiako Udaltzaingoak hogei aldiz esku hartu zuen kaleko edanagatik, eta bederatzi bider etxeetan festak egiteagatik, besteak beste.
Eneko Goia Donostiako alkateak “dezepzioa” adierazi zuen asteburuko gertakizunen aurrean: jokabide horrek kutsatzeen gorakada eragiteko kezka adierazi zuen alkateak, eta erantzukizunez jokatzeko eskatu zien donostiarrei.
Mugikortasunak, turismoari mesede
Igandetik Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da, eta Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke. Hasi dira hiriko ostatuak aldaketa nabaritzen. Erdialdeko Pension Donostiarra ostatuan, esaterako, udara begira aurreikuspen ona dute: «Uztaila eta abuztua nahiko beteta ditugu. Alarma egoera amaitu denez, jende asko hasi da erreserbatzen, baina erreserba bertan behera uzteko aukerarekin. Hainbat herrialdetako jendeak egin ditu erreserbak», azaldu du nagusiak.
Ostalaritzari ere mesede egin dio alarma egoeraren amaierak. Izan ere, 22:00ak arte eduki ditzakete irekita establezimenduak, baina gehienez lau pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean. Gainera, barrualdeko edukiera %50era mugatuta dago, eta debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik. Afariak emateko, ordea, “larri” ibiltzen dira ostalariak: “Guretzat egoera ideala 23:30ak edo gauerdira arte irekitzea izango zen, afariak bukatu eta lasai ederrean kopatxo bat hartu ahal izan dezaten bezeroek”, Esparru tabernako Jose Juan Lujanbioren arabera.
Tabernetan eta kirol jardueretan izan ezik, nahi adina pertsona bildu daitezke kalean. Merkataritzan, kultur jardueretan, kirol instalazioetan eta joko aretoetan edukiera mugatua dago oraindik, eta elkarte gastronomikoak, gaueko aisialdiko establezimenduak eta gazteen lokalak itxita mantendu dituzte.