Ategorrietako sarraskia gogoratuko dute Donostia ekialdeko zenbait gaztek
Ategorrietako sarraskia gogoratzeko, Donostia ekialdean bizi diren zenbait gaztek hainbat egitasmo antolatu dituzte, “Ategorrieta inguruko bizilagunok gertakarien berri izateko eta gure auzo eta herrien langile izaerari eta egungo egoerari buruz hausnartzeko”.
Maiatzaren 25ean, 19:00etan, Bidebietako Kontadores zentroan Miguel Usabiagaren Donostia rebelde (2020) liburua aurkeztuko dute. “Liburu honek hainbat protesta eta gertakari sozialen berri ematen du; tartean, lehenengo kapituluan, Ategorrietako sarraskiaren kontakizuna dakar. Liburuan zehar Donostiarekin eta inguruko herriekin lotutako matxinadak eta pertsonaia iraultzaileak aurkeztuko zaizkigu. Miguel Usabiaga egileak lotura estua du kontatzen duen horrekin: bere osaba Pikoketan fusilatua izan zen, liburuan kontatzen duen bezala, eta aita Marcelo miliziano komunista ospetsua izan zen”, azaldu dute antolatzaileek. Aforoa mugatua denez, aurkezpenera bertaratzeko aurrez izena ematea komeni da, ategorrietagogoan@gmail.com helbidera idatzita edo 685775953 telefonora deituta.
Maiatzaren 29an, aldiz, egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etan Intxaurrondoko Letaman gaztetxean Josetxo Otegi historialariak Ategorrietako sarraskiari buruzko hitzaldia emango du. 13:15ean, Ategorrietako erlojuan sarraski hartako biktimei omenaldia egingo diete, poesia, dantza eta musikaz lagundurik. 14:00etan, Uliako mintegietako parkera joango dira bazkaltzera, norberak etxetik ekarritakoarekin. 16:00etan, eztabaida irekia egingo dute, memoria historikoa eta gure auzoen ezaugarriak hizpide hartuta. Mahai inguru horretan Araitz Rodriguez antropologoa, Jon Ander Agirre arkitektoa, Felix Garziandia ekonomialaria, Josetxo Otegi historialaria eta auzogintzan dabiltzan hainbat bizilagun izango dira. 18:00etan, zuzeneko musika izango dute, Chicho Sanchez Ferlosioren doinuak eskaintzen dituen De Chicho bikote akustikoarekin eta askotariko kantak prestatu dituen Bertsioen txikizioa taldearekin.
Testigantza bila dabiltza
Bestalde, Ategorrietako sarraskiarekin lotura izan dezaketen pertsonen bila dabiltza ekialdeko gazteak: “Historiako gertakari honen ikerketan sakondu nahi dugu, eta informazio bila gabiltza”, azaldu dute. Inork informaziorik balu, ategorrietagogoan@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.
Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira, Ategorrietako sarraskia gertatu zen: Donostian izan den langileen aurkako sarraskirik handiena. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
Ategorrietan eraildako langileetako bat Jose Novo zen, eta bere iloba Cristina Novori elkarrizketa egin dio Irutxuloko Hitzak.
Beste ekitaldi eta egitasmoak antolatu dituzte bai EH Bilduk, bai Kontseilu Sozialistak.