Baserria, erretegia eta, orain, luxuzko etxebizitzak
Añorgako Atotxa Erreka eremuan dago Itxas Alde jatetxea, aurrez Parada baserria izandakoa. Denbora darama itxita, eta laster botako dute urbanizazio pribatu bat egiteko.
Añorgako baserrien zerrenda luzea da, eta zutik daude gehienak, nahiz eta batzuek jatorrizko izaera aldatu. Horietako bat da Parada baserria. Salaberria familiarena zen, eta saltzea erabaki zutenean, jabe berriek erretegi bihurtu eta Itxas Alde izena jarri zioten. Jatetxea jabez aldatu zen, eta duela hiru urte itxi eta saldu zuten. Baserriaren lursailean Itxasalde V izeneko urbanizazio pribatua eraikiko dute. Luxuzko hainbat etxebizitza izango dira, eta bakoitzak igerileku propioa izango du.
Izena aldatu arren, izana mantendu du baserriak. «Auzoan ‘Para’ izenarekin ezagutzen dugu Parada baserria. Horrela izan da betidanik guretzat», dio Joxema Mendiolak, Gorga Añorgako Historia Mintegiko kideak. Atotxa Erreka bidearen 83. zenbakian dago eraikina, hesiz eta sasiz inguratuta. Ez du historia bereizgarririk, baina inguruko eraldaketaren testigu zuzena da. «Atotxa Erreka luxuzko etxebizitzez betetzen ari da, eta gauza bera gertatuko da Parada baserriarekin. Ez dakigu noiz botako duten, baina badirudi laster desagertuko dela».
Gorgak hamarkada luze bat darama Añorgako argazki zaharrak biltzen –35.000 baino gehiago dituzte–, eta auzoko 55 baserrien argazkiekin bilduma bat argitaratu zuten 2015ean. Horien artean dago Parada. Gainerakoen antzera, nekazaritzari eta abeltzaintzari loturikoa izan zen, ostalaritzara bideratu zen arte. «Baserria barrutik zeharo egokitu zuten. Ukuilua zegoen tokian erretegiaren jantokia jarri zuten. Horrez gain, gogoan dut sarrera albo batean zuela. Sartu orduko taberna txiki bat zuen, eta hortik sar zitezkeen jantoki zabalera», azaldu du Mendiolak. Parrilan erretako haragi eta arrainengatik egin zen ezaguna, eta oraindik Interneten topa daitezke jatetxearen inguruko iruzkin onak.
Añorgakoen kezka
Añorgako Atotxa Erreka eremua etxez betetzen ari den erritmo berean tokiko jatorrizko izenak desagertzen ari direla ohartarazi du Mendiolak: «Hemengo euskarazko izenak mantentzeko eskatu dute auzotarrek. Izan ere, etxeak eraiki ahala lekuen izenak aldatzen ari dira. Añorgatarrekin hitz egin eta adostu beharko lituzkete aldaketa horiek. Gutxienekoa iruditzen zait».
Baserria eraitsi arren, Parada, Para eta Itxas Alde izenak Añorgako biztanleen oroimenean geratuko dira.