Donostiako M-15a, parte-hartzaileen ikuspuntutik
M-15 mugimenduak Bulebarreko kioskoa hartu zuen Donostian, eta herritar ugarik hilabete pasa zuten han lo egiten, batzarretan parte hartzen eta gauzak aldatzeko lan egiten. Han ibilitako laurekin hitz egin dugu, mugimendua nolakoa izan zen eta zer ondorio utzi dituen aztertzeko.
“M-15a berpizteko beharra dugu”
Marta Ennes, Egia
Nola bizi izan zenuen M-15aren hasiera?
Polita eta hunkigarria izan zen M-15aren hasiera. Mugimendua indar izugarriarekin eta gauzak aldatzeko itxaropen handiarekin hasi zen Madrilen, eta Donostian gauza bera egiteko asmoa zegoela ikusi nuenean, argi izan nuen parte hartu behar nuela. Mugimenduaren ideia guztiekin ados ez banengoen ere, mugimenduarekin bat egiten nuen orokorrean. Ekarpenak egin nitzakeela iruditzen zitzaidanez, batzar guztietara joaten nintzen; mugimendua babesteko eta zarata egiteko egin nezakeen gutxienekoa zen.
Zer giro zegoen Bulebarreko kanpaldian?
Giro ona arnasten zen, aldaketaren aldeko ilusioa sentitzen baikenuen. Batuta geunden, eta kanpaldian egiten genituen jardueretan inguruko guztiekin genuen harremana, kuadrilla berekoak izango bagina bezala.
Nola gogoratzen duzu Bulebarreko giroa?
Batzarretan askotariko gaiak jorratzen genituen eta mota askotako jendeak hartzen zuen parte. Euren artean oso desberdinak ziren girotako jendea ezagutzen nuen, eta ez nuen uste elkarrekin egon zitezkeenik; M-15ean, aldiz, elkarrekin egon ziren. Ezkerrekoak ginen denak, baina gure artean oso desberdinak, eta askotariko iritziekin elkarbizitzen ikasten zenuen han. Jarduera guztiak erabat baketsuak ziren, eta errespetuz hitz egiten genuen beti.
Zein izan zen mugimenduaren eboluzioa?
Pixkanaka hasierako indarra galtzen joan zen, eta desagertu egin zen. Garrantzitsuena da ezkerrari indarra eman geniola, eta gauzak hein batean aldatzea lortu genuela.
Zer gelditzen da M-15etik?
Ez dakit Donostian zerbaitetarako balio ote zuen. Mugimenduak estatuko ezker guztia batzeko eta mobilizatzeko helburua zuen, eta uste dut bere momentuan lortu egin zuela. Gaur egun, mugimendutik sortutako alderdi politiko batzuk daude, baina iruditzen zait ezkerra ahuldu egin dela. M-15a berpizteko beharra dugu.
“Ikusi nuen ez nintzela gauzak aldatu nahi zituen bakarra”
Su Hernandez, Hernani
Nola gogoratzen duzu M-15aren hasiera?
M-15a hasi aurretik, manifestazio batera deitu zuten estatu osoan, eta uste genuen lau katu egongo ginela, baina jendetza mobilizatu zen. Kanpaldia hasi zenean, sinesgaiztasuna eta harridura ziren nagusi, ez genuelako pentsatzen halako zerbait egin genezakeenik. Nik asteburuetan han egiten nuen lo, eta astean zehar arratsaldez joaten nintzen.
Zergatik erabaki zenuen parte hartzea?
Gauzak aldatzeko nahiagatik eta nekatuta nengoelako. Ikusi nuen ez nintzela gauzak aldatu nahi zituen bakarra, eta hori polita izan zen.
Zer giro zegoen Bulebarrean?
Mota askotako jendea zegoen, eta batzuetan ez zen erraza elkarbizitza. Hala ere, hasieratik lagunak egin nituen kanpaldian, eta gaur egun horietako batzuekin militatzen jarraitzen dut.
Nolakoak ziren batzarrak?
Batzordetan banatuta egiten genuen lan. Nire batzordean, esaterako, egunez eguneko agenda kudeatzen genuen. Jarduera proposamenak iristen zitzaizkigun eta guk agendan kokatzen genituen. Besteak beste, hitzaldiak, filmen proiekzioak, eta ikastaroak egiten genituen, kanpaldia bizirik egon zedin.
Nola eboluzionatu zuen mugimenduak?
Hasieran jende asko zegoen, baina gero eta jende gutxiago gelditzen joan ginen. Ondoren, Madrilen estatuko topaketa egin zen, eta ni Donostiatik joan zen pertsonetako bat izan nintzen. Izugarria izan zen, konturatu ginen jende ugari zegoela mobilizatuta.
Sentitu zenuen gauzak aldatu zenitzakeela?
Oso utopikoa izan naiz beti, eta mundua aldatuko ez bagenuen ere, benetan pentsatzen nuen gauza batzuk aldatu genitzakeela. Maila indibidualean uste dut gutako asko mugimenduari esker aldatu ginela: hazi egin ginen eta asko ikasi genuen.
M-15ak zerbait aldatu zuen?
Esan dizut nahiko baikorra eta utopikoa naizela, baina nik baietz uste dut. Izan ere, mugimenduan ezagutu nuen jende askok politikoki aktiboan eta mobilizatuta jarraitzen du, eta horietako asko M-15arekin esnatu ziren.
“Konturatu nintzen aurretik jendea gauzak egiten ari zela”
Imanol Legarda, Gros
Nola hasi zen M-15a zuretzat?
Lehenengo egunean, telebistan ikusi nituen kanpaldiak, eta hurrengo egunean Bulebarreko kanpaldira gerturatu nintzen. 20-21 urte nituen, eta amorrua ematen zidan sistemak. Horregatik, pozgarria izan zen ikustea hori bera sentitzen zuela beste jende askok.
Sentitzen zenuten mundua aldatuko zenutela?
Ez badaukazu gauzak aldatzeko itxaropena ez duzu hilabete kalean pasatzen. Gogoratzen dut nire aitak oso modu etorkorrean begiratzen gintuela, nolabait pentsatuz: ‘zein jatorrak, uste dute benetan horrela zerbait aldatuko dutela’. Amorru handia ematen zidan horrek, eta esaten nion, ‘benetan ezkertiarra izango bazina hemen egon beharko zenuke!’.
Zer giro zegoen kanpaldian?
Giroa sekulakoa zen, eta mota askotako pertsona ugarik elkar ezagutu genuen M-15ari esker. Bestalde, Amnistia Internacionalen boluntario gisa lan egindakoa nintzen, eta giza eskubideen kontuan burua sartzen ari nintzen. Ordea, ez nuen Kaleratzeak Stop plataforma ezagutzen, eta M-15ari esker ezagutu nuen. Konturatu nintzen aurretik jendea gauzak egiten ari zela.
Mota askotako jendea zegoen?
Gazte asko geunden, baina baita militantzia politikoan urte asko eta asko zeramatzaten pertsonak ere; elkarren osagarri ginen. Bestalde, kalean bizi zen jende askok kanpaldiarekin bat egin zuen. Eguna elkarrekin pasatzen genuen, eta nolabait mugimenduaren parte sentitzen ziren.
Beste gizarte eragileekin bat egin zenuten?
Ezker abertzalean, esaterako, bazeuden gizarte mugimendu asko egituratuta, eta mugimenduak harremana izan zuen beraiekin, baina ez genuen bat egin. Niretzat, aukera galdu bat izan zen, bat eginda askoz ere indar gehiago izan genezakeelako.
M-15etik zerbait gelditzen da?
Eragina izan du, lehen pentsaezina baitzen estatuan PPtik eta PSOEtik harago indarra izango zuen alderdi bat egotea. Uste dut M-15ari esker gero eta modu naturalagoan ikusten ditugula auzolanak, eta abar. Ikasketa prozesu handia izan zen niretzat.
“Erakundeekin lehiatzen ari ginen”
Ana Sanz, Tolosa
Nolakoa izan zen M-15aren hasiera?
Hasieran, sare sozialen bidez jarraitu nuen mugimendua, baina ahal izan nuenean, kanpaldira gerturatu nintzen. Gogo handiz joan nintzen, iruditzen zitzaidalako gauza oso interesgarri bat sortzen ari zirela han. Kanpaldian hiruzpalau gau baino ez nituen pasa, baina gehienetan han lo egiten ez banuen ere, egunero joaten nintzen eguna pasatzera eta batzarretan parte hartzera. 44 urte nituen orduan.
Zergatik egin zenuen bat mugimenduarekin?
Kontzientzia sozialagatik. Gauzak oso gaizki zeudela iruditzen zitzaidan, eta nik betidanik hainbat gizarte eragiletan parte hartu badut ere, ikusten nuen M-15ean harago joan zitekeen zerbait sortzen ari zela.
M-15ean gazte asko zeudela esan ohi da, baina zu beste belaunaldi batekoa zinen.
Hori zen M-15etik gehien gustuko nuen gauzetako bat: belaunalditako jendea zegoela eta harremanak horizontalak zirela. Hori soilik mugimendu feministan ikusi dut ondoren. Askotan, amona eta aitona ugari kanpalditik pasatzen ziren, eta janaria ekartzen ziguten, ‘ez etsi, jarraitu ezazue, gauzak aldatu behar dira’, esanez. Asko hunkitzen ninduen horrek.
Mundua aldatuko zenutela sentitzen zenuten?
Erabat. Denborarekin, konturatu naiz sentimendu horrek berak jan egin gintuela. Izan ere, hain handia zen sentimendua eta hain indar handia genuen, ez genuela hori garatzeko eskailerak eraikitzen jakin. Izan ere, erakundeekin lehiatzen ari ginen, eta botereari ezin diozu planteatu mundua aldatu nahi duzula, besterik gabe. Estrategiak jakin batzuk garatu behar dituzu, baina ez ginen gai izan estrategiak zehazteko, nahiz eta indarra izan.
Zer ondorio utzi ditu gure gizartean M-15ak?
Normalean mobilizatzen ez zen jende asko mobilizatzea lortu zuen. Gaur egun sistemaren gabezien eta ustelkeriaren inguruko kontzientzia soziala badago, hori M-15ari esker da.