"Herritarron eguneroko politika egitera gentozen"
Jon Agirre Such (Donostia, 1984) Madrilen zegoen M-15a hasi zenean, eta Democracia Real Ya plataformako bozeramailea zen, eta Sol plazan kanpaldia egiten hasi zirenean, mugimenduaren bozeramaile lanak egin zituen. Madrilen bazegoen ere, Donostiako kanpaldiarekin harremana zuen. M-15a bere bizitzan «oso berezia» izan zela dio, eta Madrilen zegoen giroa kontatu du, baita mugimenduak gizartean utzi dituen ondorioak aztertu ere.
M-15a hasi zenean, Madrilen zeunden. Nolakoa izan zen hasiera han?
2011ko martxoaren bukaeran edo apirilaren hasieran, Democracia Real Ya plataforman sartu nintzen, eta bozeramaile lanak egiten hasi nintzen. M-15aren kanpaldia plataformak antolatutako manifestazio baten ondoren etorri zen, baina manifestazio horren aurretik lan handia egin behar izan genuen, dena antolatzeko. Ni komunikazioan eta antolakuntzan aritu nintzen aurreko asteetan, deialdia ahalik eta gehien zabaltzeko.
Maiatzaren 15a iritsi zenean, gogoratzen dut oso urduri nengoela, ez genekielako zenbat jende etorriko zen. Sekulako arrakasta izan zuen, jende pila bat etorri baitzen. Manifestazioa Sol plazara heldu zenean, bozeramaileak kamioi batera igo ginen, azken hitzak esatera. Plaza beteta zegoen, eta hunkigarria izan zen.
Kanpaldia egitea aurretik pentsatuta zenuten?
Ez, besterik gabe, manifestazioa bukatu zenean, maiatzaren 15eko gauean, hogei bat pertsonak kanpaldia egitea erabaki zuten. Gu leher eginda geunden ordurako, horrenbeste jende mobilizatzea lan handia izan zelako. Horregatik, hogei pertsona horiei babesa eman genien hasieratik, baina ez genuen hor lo egin lehenengo gauean. Hurrengo egunean, kanpaldiak indarra hartu zuen, baina gauean kaleratu egin zituzten. Elkartasun deialdi bat zabaldu zen sare sozialetan, jende ugari mobilizatu zen, eta hilabeteko kanpaldia abiatu genuen. Orduan, kanpaldia ondo antolatzen hasi ginen, kanpin dendak, olanak eta bestelako materiala eramanez eta jendea lantaldetan banatuz. Hiri bat sortu genuen hiri baten barruan. Mugimenduarekiko elkartasun sare handi bat sortu zen estatu osoan, eta nazioartean ere bai. Gogoratzen dut egun batean jatetxe bat zuen tipo bat etorri zela kamioneta batekin, eta denontzako janaria zerbitzatzen hasi zela.
Kanpaldia estatu osora zabaltzea espero zenuen?
Democracia Real Ya plataforma estatu osoan saretuta zegoen, estatuko hiri eta herri askotan antolatu baitzituen manifestazioak. Kanpaldiak zabaldu zirenean, agerian gelditu zen hori. Ondoren, eragile gehiagok egin zuten bat M-15arekin, eta Democracia Real Ya mugimenduaren barruko eragile bat gehiago izatera pasa zen.
Donostiako kanpaldikoekin harremana izan zenuen Madrildik?
Bai, harremanetan egon nintzen beraiekin, bereziki Donostiako Democracia Real Ya plataformako kideekin eta Kaleratzeak Stop-eko Rosa Garciarekin. Hitzaldi bat ematera ere gonbidatu ninduten.
Donostiako kanpaldia ez zen Madrilgoa bezain jendetsua izan, baina bere garrantzia izan zuen hirian. Bulebarreko batzarren batean parte hartu nuen, eta giro ona zegoen.
Zer giro zegoen kanpaldian?
Urteekin, agian modu nostalgikoan edo erromantikoan gogoratzen dut, baina oso polita izan zen. Jendeak bere ideiak adierazteko beharra zuen, eta orduak eta orduak pasa genituen horretan. Elkartasun handiko giroa zegoen. Jendeak bere ideiak errespetuz partekatu zituen, eta gauzak egiteko beste modu bat zegoela aldarrikatu genuen. Orduak pasatzen genituen hitz egiten.
Askotariko jendea zegoen, ezta?
Inkestek zioten gizartearen %80k baino gehiagok onesten zuela M-15a, beraz, pentsa, mota guztietako jendea zegoen mugimenduan. Gizartearen pluraltasuna islatzen zuen.
Zergatik izan zuen arrakasta mugimenduak?
Democracia Real Ya-n aldarrikatzen genuen benetako demokrazia nahi genuela, ez ginelako politikarien eta bankarien merkantzia. Hori izan zen mugimenduaren abiapuntua, baina beste aldarrikapen asko batu ziren gero: ingurumenaren aldekoa, feminismoarena, osasun publikoaren aldekoa, etxebizitza eskubidearen aldekoa, eta abar. M-15ak gizartearen kezka gehienak hartzen zituen aintzat.
Harremana izan zenuten erakundeekin?
Ez genuen inolako harremanik izan. Argi genuen ez genuela harremanik izan nahi alderdi politikoekin eta erakundeekin. Saiakera batzuk egin zituzten gurekin harremana izateko, baina argi genuen M-15a hiritarron mugimendu bat zela. Halako mugimendu batek politika egiteko bere modu propioak ditu, eta erakundeetako politika beste gauza bat da. Nik uste dut jende askok oraindik ez duela hori ulertu; hau da, gu ez gentozen erakundeetako politika egitera, herritarron egunerokotasuneko politika egitera baizik.
Agerian utzi genuen elkartuz gero indarra daukagula, eta politikan parte hartzea ez dela soilik lau urtean behin botoa ematea. Modu kolektiboan gauzak eraldatzea ere politika da.
Nolakoa izan zen kanpaldiaren bukaera?
Sentimendu eta pentsamendu kontrajarriak genituen. Nik pentsatu nuen ona zela kanpaldia bukatzea, nolabait mobilizazioa deszentralizatzeko. Gerora, ordea, konturatu naiz agian gutxieneko batzuk lortu arte ez genuela kanpaldia utzi behar: ‘ez goaz hemendik hau eta hau lortu arte’. Ordea, ez zen erraza zehaztea zeintzuk ziren lehentasunezko aldarrikapenak, denek baitzuten lehentasuna. Arazo asko genituen, eta oraindik ere baditugu.
M-15ean sortutakoa Podemos alderdiaren bidez bideratu zen erakundeetara. Zer iruditu zitzaizun hori?
Alde batetik, nahiko erreta nago jendeak denbora guztian Podemos eta M-15a zuzenean lotzearekin. Esan dudan moduan, gizartearen %80k baino gehiagok onesten zuen mugimendua, eta ezinezkoa da hori alderdi politiko baten ideologiarekin ordezkatzea. Egia da mugimenduan zeuden pertsonetako asko Podemosen sartu zirela, baina han denetarik zegoen, eta ez da egia M-15 guztia Podemosen ordezkatu zenik. Guri ere askotan esaten ziguten, ‘zergatik ez duzue alderdi politiko bat sortzen hau guztia bideratzeko?’. Baina guk argi genuen helburua ez zela erakundeetako politika egitea.
Zer ekarpen egin zizun zuri M-15ak?
Oso momentu berezia izan zen niretzat, nire bizitzan inflexio puntu, zalantzarik gabe. Jende askorentzat ere hala izan zen, eta parte hartu genuen guztiok sentitu genuen historia egiten ari ginela. Horrez gain, harreman berri askorekin atera nintzen mugimendutik, eta sekulako heziketa politikoa izan zen.
Ondorioak utzi ditu mugimenduak gizartean?
Hamar urteren ondoren M-15az hitz egiten jarraitzeak esan nahi du zerbait aldatzea lortu genuela. Argi dago M-15aren ostean politika espainiarra ez dela gauza bera izan, alderdi guztiek barneratu baitituzte ideia jakin batzuk. Horrez gain, agerian utzi genuen politika egiteko beste modu bat existitzen zela. Gauzak ezin dira erabat aldatu egun batetik bestera, baina hazi bat landatu genuen, eta agian beste batzuk etorriko dira aurrerago, batek daki.