'Haserretuak' dena aldatzera etorri ziren
Bihar hamar urte beteko dira Madrilen M-15 gizarte mugimendua sortu zenetik. «Haserrea» izan zen mugimenduan nagusi izan zen hitza, horrek mugitzen baitzituen 'haserretuak', M-15eko parte hartzaileak. 78ko erregimenaren bipartidismoa, Espainiako Estatuko demokraziaren gabeziak eta ustelkeria politikoa ziren haserre egoteko arrazoiak, eta milaka herritarrek estatu osoko plazak hartu zituzten. Donostian, hilabeteko kanpaldia egin zuten Bulebarrean, eta beste hiri batzuetan bezain masiboa izan ez bazen ere, eragina izan zuen gizartean.
Biharko egunez, 2011n, milaka herritar kalera atera ziren Espainiako Estatuko hiri gehienetan, Democracia Real Ya plataformak antolatutako manifestazioetan parte hartzeko. 78ko erregimenaren bipartidismoarekin eta ustelkeria kasuekin nazkatuta, Ez gara ez politikarien eta ez bankarien merkantzia lelopean mobilizatu ziren herritarrak, eta antolatzaileek ere espero ez zuten arrakasta izan zuten deialdiek. Madrilgo manifestazioa bukatuta, maiatzaren 15etik 16rako gauean, hainbat herritarrek Sol plazan kanpatu zuten, protestarekin jarraitzeko. Kanpaldiak indarra hartu zuen hurrengo egunean, eta hasiera batean poliziak manifestariak kanporatu bazituen ere, indar gehiagorekin eta Democracia Real Ya-ren babesarekin itzuli ziren. Horrela, M-15a abiatu zen, eta kanpaldiak laster zabaldu ziren estatu osora. Donostian, hainbat ‘haserretuk’ Bulebarreko kioskoan jarri zituzten euren kanpin dendak, eta hilabete inguru pasa zuten han.
Jendea bipartidismoarekin nekatuta zegoen, eta Felix Arrieta politologoaren ustez, hori izan zen mugimenduaren arrakastaren arrazoi nagusia: «2008ko krisiak agerian utzi zuen [Jose Luis] Zapateroren gobernuak, ustez sozialdemokraziaren alde egiten zuenak, krisiari aurre egiteko, Europako alderdi kontserbadoreek hartutako neurri berak hartzen zituela. Alderdi sozialdemokratak eta alderdi kontsebadoreak neurri berak hartzen bazituzten, zein zen beste aukera? Ez zegoen alternatiba argi bat, eta hori bilatu nahian sortu zen M-15a». Hasieran jende gaztea zen nagusi, baina Arrietak nabarmendu du pixkanaka mota askotako jendeak egin zuela bat mugimenduarekin, eta aurretik Euskal Herriko panorama politikoan presentzia handirik ez zuen espazio politiko bat mobilizatu zela, bosgarren espazioa: «Bere garaian, hein batean Euskadiko Ezkerrak okupatu zuen espazio hori, gero Ezker Batuak eta gero Ahal Duguk okupatu du. M-15ean, aldarrikatu zuten espazio hori Euskal Herrian existitzen dela, eta euren gai propioak mahai gainean jarri nahi zituztela».
Nagua Alba Ahal Duguko kide donostiarrak Bulebarreko kanpaldian eta batzarretan parte hartu zuen, eta Arrietaren analisiarekin bat egin du: «Batzarrak oso zabalak ziren, eta mota askotako jendea zegoen; bakoitzak bere ekarpenak egiten zituen. Gainera, herritar askoren babesa genuen. Bitxikeria gisa, gogoratzen dut egun batean Bulebarreko tabernak itxi zituztenean, sobran zituzten pintxoak ekarri zizkigutela, kanpaldian afaltzeko». Hala ere, donostiarrak azpimarratu du ez zuela espero horrenbeste jende mobilizatzea: «Garai hartan, mobilizazio txikietan parte hartzen nuen, eta, horregatik, harrigarria izan zen horrenbeste jende mobilizatuta ikustea. Politikan murgilduta nengoen, baina M-15arekin are gehiago murgildu nintzen».
Era berean, Albak nabarmendu du herritar ugarik euren aldarrikapenak adierazteko espazio bat aurkitu zutela M-15ean: «Ordura arte, jende askorentzat politika alderdi sozialista eta alderdi popularra ziren, eta ez zutenez euren burua ordezkatuta ikusten, ez ziren politikan murgiltzen. M-15arekin, ordea, jende ugarik politika egiteko ahalegina egin zuen, alderdietatik harago. Ulertu zuten hiritarrak eragile politikoak izan gintezkeela eta politika beste modu batean egin genezakeela». Bulebarreko kanpaldian aldaketarako «itxaropena» eta «ilusioa» arnasten zirela gogoratu du Albak: «Mundua aldatu genezakeela sentitzen nuen, eta sentimendu hori nagusitu egin zen mugimenduan».
Garai hartan, EH Bilduko Juan Karlos Izagirre zen Donostiako alkatea, eta mugimendua begi onez ikusten zuela nabarmendu du: «Bulebarreko batzar batzuetan parte hartu nuen, mugimendua naturaltasunez ikusten baikenuen». Hain zuzen, gogoratu du ez zela liskarrik izan udal gobernuaren eta Donostiako M-15aren artean: «Herri askotan, protestak eta kanpaldiak egiten hasi zenean, arazoak izan zituzten udalekin. Donostian, ordea, EH Bilduren udal gobernuarekin egin zuten topo. Noski, EH Bilduren jarrera hasieratik honakoa izan zen: ‘guk ez dugu inor botako, segi lasai kanpaldian eta zuen eztabaidekin’. Guk herriarekin gobernatu nahi genuen, eta gauzak aldatu nahi genituen». Udaleko beste indar politiko batzuk, aldiz, ez zeuden ados Izagirreren gobernuaren jarrerarekin: «Oposizioaren eskaera bat genuen mahai gainean, jende hori Bulebarretik ateratzeko. Guk, ordea, esaten genien hor egotea adierazpen askatasuna zela, eta jarrera txarrik izaten ez bazuten, guk ez genuela arazorik kanpaldiarekin».
Hala ere, Izagirreren ustez, mugimenduak ez zuen ezer berririk ekarri Euskal Herrira: «Iruditzen zitzaigun M-15aren gizarte antolakuntza hori Euskal Herrian existitzen zela dagoeneko». Arrietaren arabera, aldiz, mugimenduarekin beste pertsona mota batzuk atera ziren kalera: «Euskal Herrian, tradizionalki, ezker abertzaleak mobilizatu ditu gazteak, baina M-15ean beste profil askotako herritarrak mobilizatu ziren». Albaren aburuz, ezker abertzaleak bi arrazoi nagusirengatik ez zuen erabat bat egin M-15arekin: «Alde batetik, gai nagusia ez zelako independentismoa. Bestetik, ezker abertzaleko jendea gizarte gaiei erantzuna emateko antolatuta zegoen dagoeneko, eta agian sentitu zuten espazio hori bereganatzera gentozela». Izagirrek gaineratu du M-15a «oso mugimendu espainiarra» izan zela, eta bere oinarria arazo sozialak zirela: «Alde horretatik, mugimenduarekin bat egiten genuen, orain Ahal Dugurekin bat egiten dugun moduan. Ordea, gure izaera euskal herritarra izan da beti, eta beraiena gehiago da estatura begirakoa. Hala ere, Bulebarreko batzarretan gustura egon nintzen, eztabaidak bazituelako entzuteko moduko alde asko».
M-15aren hazitik, Podemos sortu zuten
2011ko ekainaren erdialdean, Donostiako kanpalekua desegin egin zen, estatuko gainontzeko kanpalekuen moduan. «Batzuek kanpaldiarekin jarraitu nahi zuten, sekulako giroa genuelako. Ordea, Madrilgo kanpaldia bukatuta zegoen, eta politikoki ez zuen zentzu handirik jarraitzeak; mobilizazioa deszentralizatzeko eta estrategia berriak garatzeko unea zen». Horrela, 2014an Podemos alderdia sortu zuten, M-15ean sortutako guztia erakundeetako politikara bideratzeko helburuarekin. «Kanpaldian mundua aldatuko genuela sentitzen nuen, eta Ahal Dugun hori sentitzen jarraitu nuen», azaldu du Albak. Arrietak alderdiaren ibilbidea errepasatu du: «Indartsu sartu ziren panorama politikoan: Europako hauteskundeetan oso emaitza onak izan zituzten, Espainiako hauteskunde orokorretan lehenengo indarra izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta erkidegoko lehenengo hauteskundeetan emaitza oso onak lortzeko aukerak zituztela zirudien. Gerora, egonkortu egin dira, baina bosgarren espazio hori beraiena da, nahiz eta batzuetan zaila den espazio hori mobilizatzea». Gaur egun, Ahal Duguk, Ezker Anitzak eta Equok osatutako Elkarrekin Donostia koalizioak hiru zinegotzi ditu Donostiako Udalean, eta Albaren ustez, «lan polita» egiten ari dira: «Estrategia eragingarriak garatzen ari dira, besteak beste, udal gobernuarekin aurrekontuak adostuta». Ildo horretatik, Arrieta aurrera begira jarri da: «Elkarrekin Donostiak espazio argi bat dauka hirian, baina espazioa mobilizatu behar du, bere gai propioak mahai gainean jartzeko bideak bilatu ahal izateko; hori da koalizioaren erronka nagusia. Horretarako, ordea, EAJrekiko zein posizio duen zehaztu behar du».
Ahal Dugutik harago, M-15ean sortutako edo indartutako hainbat taldek antolatuta jarraitu zutela azpimarratu du Albak: «Niretzat, garrantzitsuena Kaleratzeak Stop da. Donostian, esaterako, oso lan baliotsua egiten ari da etxebizitzaren auzian». Kanpaldia bukatuta ere, M-15ak bizirik jarraitu zuen, eta besteak beste, mugimenduko hainbat kidek Arte Ederrak eraikina okupatu zuten 2011ko azaroan, herritarren partaidetza sustatzeko gune bat sortzeko helburuarekin. Ordea, handik ordu batzuetara kaleratu zituen Udaltzaingoak.
Politika egiteko modua aldatu zuen
M-15aren ondorioz, Espainiako Estatuko egoera politikoa hein handi batean aldatu egin zela nabarmendu du Albak: «Agenda politikoa aldatu egin zen M-15aren ondoren. Orain, garrantzia ematen zaio gardentasunari eta alderdien demokratizazioari, eta, nire ustez, hori M-15ari esker da», nabarmendu du Albak. Ildo beretik jo du politologoak: «M-15etik hona, gizartea asko aldatu da gardentasuna exijitzeari eta ustelkeria salatzeari dagokionez; politika egiteko garaian, beste estandar batzuk ezarri dira gizartean. Esaterako, ez dut esango borboiak [Juan Carlos I.ak Espainiako errege emerituak] M-15arengatik abdikatu zuenik, baina bai politika egiteko modua aldatu egin zelako, eta bere bizitzeko estiloa dagoeneko ez zelako onargarria».
Arrietaren iritziz, ordea, M-15ak ondorio garrantzitsuago bat utzi zuen gizartean: «Erakutsi zuen gizarte mugimenduek badutela gizartean eragiteko ahalmena. Espero dut noizean behin halako mugimenduak sortzen jarraitzea, egoera politikoa astintzeko, ezinbestekoak baitira gizartea eraldatzeko.