Hirugarren zuloa da orain arteko handiena
Donostiako Metroaren lanek beste zulo bat eragin dute. Kontxako hondartzako kabinetan aurkitu dute. Zuloa hormigoiz bete arte itxita egongo dira kabinak. EH Bilduk jakinarazi duenez, 100 metro kubiko ditu zuloak. Udal gobernuak, aldiz, ez du azalpenik eman.
Astebete igaro da Donostiako Metroko lanek eragindako hirugarren zuloa topatu zutenetik. Hilaren 7an, eguerdi aldera, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Kontxako kabinen forjatuaren azpian ikusi zuen zuloa, ohiko ikuskapen bat egiten ari zirela. Hainbat bizilagunek EH Bilduri ohartarazi zioten zuloaz, eta udal taldeak gertaturikoa hedabideei jakinarazi zien. ETSk ohar bidez baieztatu du zuloak lotura duela iaz sorturiko beste bi zuloekin. «Mugimendu horrek inguruko hareen deskonpresioa eragin zuen, eta baliteke deskonpresio hark egoera hau sortu izana. Gertakari haren ondoriozko hondar mugimenduak dira». Udal gobernuak oraindik ez du azalpenik eman.
Hiru dira orain arte Erdialdeko Zubieta kalean azaldu diren zuloak. EH Bilduk adierazi du pasa den astekoa dela orain arteko handiena. Iazko ekainaren 5ean azalduriko lehen zuloak hogei metro kubiko zituen, eta azaroaren 17an agertu zen bigarrenak 30 metro kubiko. Aldiz, iragan astean Kontxako kabinen azpian topaturikoak 100 metro kubiko dituela esan du udal taldeak. Horrekin batera, azalpenak eskatuko dituzte ETSren batzordean. Izan ere, Donostiako Metroaren lanen jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkorra biltzeko eskatu dute, eta «iluntasunaren politika» egitea egotzi diote udal gobernuari: «Lehen eta bigarren zuloarekin ez bezala, oraingoan, udalak ez du honi buruzko komunikaziorik egin, eta ETSk soilik ohar bat argitaratu zuen EH Bilduk zuloaren berri eman ondoren».
EH Bilduren ustez, ezin da «normaltzat» hartu beste zulo baten agerpena: «Erakunde publikoek ezin dute normaltzat jo hirigunean, jendea bizi den eraikinen azpian edo erabilera publikoko azpiegitura baten azpian zuloak agertzea. EH Bilduk ez du hau onartuko, ez dugu beste alde batera begiratuko. EAJk eta PSE-EEk argitu behar dute zenbat zulo egon daitezkeen gaur egun inguru horretan, eta zer egiteko asmoa duten, orain arte egindakoaz gain, langileen eta bizilagunen segurtasuna bermatzeko», azaldu dute.
Kabinak itxita daude
Pasa den astean, Donostiako Udalak sare sozialen bidez adierazi zuen «matxura» batengatik Kontxako kabinak itxita zeudela. Ondoren, ordea, udaleko iturriek hedabide honi adierazi zioten kabinak iaztik itxita zeudela. Egun batzuk beranduago informazio hori okerra zela esan zuen udalak, eta pandemiaren eraginez «hainbat hilabetez» egon direla itxita. Aldiz, kabinak irekita zeuden zuloa ikusi zutenean, eta ondoren itxi zituzten. Zuloa hormigoiz bete eta kabinen lurzorua egonkortu arte ez dituzte berriz irekiko.
Obrako arduradunek eta udaleko teknikariek ziurtatu dute zuloak ez duela eraginik izan kabinak oinarritzen dituen forjatuaren egituran.