Infernuaren aldeko pala txapelketa egiten ari dira
Azken hilabeteetako “errepresio ekonomikoari” aurre egiteko, Infernua Bizirik! plataformak pala txapelketa ez-mistoa antolatu du, “udaberriarekin batera Donostia inguruko frontoiak erresistentziaz betetzeko”. Pasa den larunbatean jokatu zuten lehen partida Igeldon, eta lehenengo bikote semifinalista atera zen partidatik: Hernaniko Garbiñe eta Axpi izan ziren partidako garaileak.
“Jardunaldia oso arrakastatsua izateaz gain, Igeldoko frontoia eta herria erresistentziaz bete genituen, eta Infernuaren aldeko aldarriak pilotakada bakoitzean entzun ziren. Bero handia egiten zuen, eta izerdia majo bota genuen: batzuek palan, besteak animatzen. Giro polita eta lasaia sortu zen, nahiz eta partidaren batean tentsio momentuak bizi izan genituen, oso borrokatuak izan ziren hainbat tantoren ondorioz. Eskerrik asko palista eta animatzaile guztiei, eta baita Igeldoko herriari ere, halako prestutasunez hartu gintuztelako!”, adierazi dute antolatzaileek.
Hurrengo partida larunbat honetan jokatuko dute Zubietan, 16:00etatik aurrera. Txapelketan bildutako diru guztia Infernuko erresistentzia kutxara bideratuko dute. Larunbatez larunbat partidak jokatuko dituzte denetariko pilotalekuetan, eta ekainaren 6an jokatuko dute finala.
Hirigintza planek bete-betean hartu dute Donostia, eta Ibaetako Infernuan dauden eraikinak botatzea eta etxebizitza berriak egitea da horietariko bat. Infernua, baina, ez dago hutsik, askok uste duten moduan, eta espazio hau biziberritu dutenak “nazkatuta” daude informazio faltarekin eta poliziaren jarrerarekin.