Marmoldegi bat Plaza Haundin
Gordegiak Egiako tunelean jarri duen erakusketako argazki batek 1980ko hamarkadako Plaza Haundi erakusten du. Polloeko hilerriaren inguruan marmoldegi ugari sortu zituzten: horietako bat zen Plaza Haundikoa.
Trenbidearen azpian dagoen Egiako tunelean une oro dago jende ugariren joan-etorria. Garai honetan, ordea, motelago dabil jendea, Gordegia Egiako artxibategi grafikoak auzoko argazki zaharrez osaturiko erakusketa bat jarri duelako lur azpiko pasabideko paretetan: mundu guztia argazkiei begira geratzen da.
Erakusketako argazkietako batek garai bateko Egiaren izaera industriala ondo erakusten du. Mikel Gaskak Aldakonea ingurutik egindako argazkian, egungo Plaza Haundi (Martin Santos plaza, ofizialki) ikusten da, baina orain plaza dagoen lekuan fabrika bat agertzen da irudian: hala izan zen duela hiruzpalau hamarkada arte.
Egia XX. mendearen hasierara arte baserriz osaturiko auzo bat zen, eta nekazaritzatik bizi ziren bizilagunak. Hala ere, XX. mendean zehar langileentzako etxeak eraiki zituzten, eta izaera industrialagoa hartu zuen auzoak, bai ekonomikoki bai soziologikoki. Tabako fabrika zaharrean, esaterako, auzotar askok egiten zuten lan.
Egiako industriaren aitzindaria, ordea, marmolgintza izan zen. 1875. urtean Donostiako hilerria Polloe baserriko lurretan jartzea erabaki zuten. Gertaera horrek marmolgintzako hainbat enpresa erakarri zituen Egia auzora, eta oraindik ere badaude batzuk. Horietako bat Marmoles Cantabria enpresa zen: gaur egun Plaza Haundi dagoen tokian zegoen.
Auzotarren borrokaren fruitua
1980ko hamarkadan Astigarragara lekualdatu zuten enpresa, eta eraikina hutsik geratu zen. 1987an eraitsi zuten, eta autoen aparkaleku bihurtu zuten eremu hutsa. Zenbait urtez Egiako bizilagunak gune horretan auzoarentzako ekipamenduak jar zitzaten borrokatu ziren. Azkenean, kiroldegia, frontoia, eta gaur egun ezagutzen dugun Plaza Haundi eraiki zituzten hor, auzotarren ahaleginari esker.