Udal gobernuak ez du azalpenik eman Kontxako kabinetako zuloaren inguruan
Metroko lanek eragindako hirugarren zuloaren inguruko azalpenak emateari uko egin dio udal gobernuak. Gaur goizean Gune Publikoaren Udal Batzordea egin dute udaletxean, eta EH Bilduk aurkezturiko interpelazioa atzera bota dute EAJk eta PSE-EEk. Hain zuzen ere, Eneko Goia alkatearen agerpena eskatu zuten Kontxako kabinetako zuloaren berri emateko. Goiak ez du batzordean parte hartu, eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotzi jeltzaleak hartu du bere lekua.
Maiatzaren 7an aurkitu zuten zuloa Kontxako kabinen forjatuaren azpian. EH Bilduk eman zuen zuloaren berri, eta geroago baieztatu zuen Euskal Trenbide Sareak (ETS). Gainera, ohar labur bat plazaratu zuten gertatu zenaren inguruko informazioa emateko. Hirugarren zuloak aurreko biekin lotura duela baieztatu zuten, eta hormigoiarekin estaliko zutela. Pasa den ostiralean, astebete beranduago, zuloa oraindik estali gabe zegoen. Ondorioz, kabinak itxita daude eta Hondartzetako sailak ez du argitu noiz irekiko dituzten berriz ere.
Hirugarren zuloa da orain arteko handiena. Izan ere, 132 metro kubiko porlan erabili dituzte estalatzeko. Aurreko biak tapatzeko 20 eta 30 metro kubiko artean erabili ziren. “Hau da, bolumen hori hamar metroko luzera, hamar metroko zabalera eta hiru metroko altuera duen zulo baten baliokidea da; hamasei edo hamazazpi hormigoi kamioi”, azaldu du EH Bilduk.
Eskaera publikoez gain, udal taldeak alkateari azalpenak eskatu dizkio modu pribatuan, baina ez die inolako informaziorik eman: “Donostiarrak gehien kezkatzen dituzten gaiei buruzko azalpenak eman behar ditu, baina hainbat osoko bilkura daramatza hitza hartu gabe, arazoen aurrean ezkutatu egiten da eta, gainera, isildu egin da ETSk Kontxa azpian eragin duen kaosaren aurrean. Eta, hori gutxi balitz, horretaz harro azaltzen da”.