"Ez dut ukatuko, azaldu diren zulo guztiekin kezkatu gara"
ETSk oraindik ez ditu bukatu Kontxako kabinetan azalduriko zuloa estaltzeko lanak, eta horren inguruan galdegin diote Eneko Goia alkateari Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Goiak adierazi du konponketa lanetan ari direla, eta epe motzean bukatuko dituztela. Ordea, ez du esan kabinak noiz irekiko dituzten berriz ere.
Metroko lanek eragindako hirugarren zuloa da maiatzaren 7an azaldurikoa, eta Goiak aitortu du kezkatuta dagoela: “Ez dut ukatuko, azaldu diren zulo guztiekin kezkatu gara. Dirudienez iazko udan gertatu zen luiziaren beste ondorioetako bat da, baina ez du arazo estrukturalik sortu”.
EH Bilduk Goiari eta udal gobernuari egindako kritiken harira, alkateak adierazi du ez duela “polemika gaiztorik” elikatuko. “Zarata sortzeko asmoa dute batzuek, eta zuzenak ez diren baieztapen batzuk egin dituzte”, esan du Goiak. Horrez gain, gertatu denaren inguruko azalpenak ETSri ematea dagokiola berretsi du. “ETSk hartu zuen ardura ohar bidez komunikatzeko gertatu zena. Udalari emandako azalpenekin bat egiten du ohar horrek dioenak”.
Kontxako kabinak itxita denbora daramatela adierazi du Goiak, eta kazetari batekin eztabaida txikia izan du horren inguruan. Izan ere, kabinak erabilgarri egon dira aurten, nahiz eta pandemiaren eraginez ohiko erabilera egiteko aukerarik ez duten ematen. Goiak berretsi du zuloa gertaturiko kabinen lekuak denbora zeramala itxita, eta horregatik kostatu dela azalduriko zuloa aurkitzea.