Kontxa pasealekuaren inguruan egingo diren hiru proiekturen lanak bateratu ditu udalak
Donostiako Udalak Kontxa inguruko hiru proiekturen lanak kontratatzeko espedientea onartu du. Zehazki, hauek dira lanak: Bigarren Mendeurrenaren plazatik Errege Etxeraino Kontxako baranda aldatzeko proiektua, San Martin eta Zubieta kaleen norabidea aldatzeko proiektua, eta Kontxa pasealekuko bidegorriaren proiektua.
“Nahiz eta hiru proiektuak independenteak izan, uste dugu garatzeko modurik egokiena adjudikaziora batera ateratzea dela. Izan ere, kontuan izanda hiru proiektuak inguru berean egin behar direla, modu jarraian eta koordinatuan garatu ahal izango dira”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Adjudikazio osoaren aurrekontua 3,1 milioi eurokoa da; 1.079.964 euro baranda aldatzeko, 1.190.538 euro San Martin eta Zubieta kaleen norabidea aldatzeko, eta 888.830 euro Kontxako bidegorriaren proiektua garatzeko. Enpresa adjudikaziodunak bederarzi hilabeteko epea izango du lan horiek egiteko.