Kontxako kabinak berriz ireki dituzte metroak eragindako zuloa estali ondoren
Bi astez itxita egon ondoren, gaur ireki dituzte berriz ere Kontxako aldagelak. Hilaren 7an metroaren lanek eragindako zulo bat azaldu zen kabinen forjatuaren azpian. Euskal Trenbide Sareko teknikariek aurkitu zuten, eta ordutik zuloa hormigoiarekin estaltzen eta egonkortzen aritu dira.
Zuloa aurkitu zuten egunean, Donostiako Udalak adierazi zuen kabinak aspalditik itxita zeudela. Asteartean, Eneko Goia alkateak gauza bera esan zuen. Ordea, Hondartzetako sailak baieztatu du aldagelak zuloa azaldu ondoren itxi zituztela, eta, beraz, aurretik irekita zeudela.
ETSren arabera, zuloak ez du eraginik izan kabinen azpiko forjatuan. Konponketa lanak bukatuta, kabinek ohiko zerbitzua eskaintzen dute berriz ere.