"Atzerritarren legea indargabetu behar da"
Antirrazismoa eta dekolonialitatea lantzeko helburuarekin, Donostiako Bilgune Feministak ‘Atzerritartasun Legea arakatuz’ hitzaldia egingo du hilaren 28an, Uliako mintegietan; joateko, Bilgune Feministaren webgunean izena eman behar da. Tania Siriany (San Salvador, El Salvador, 1973) abokatu feminista antirrazista izango da hizlarietako bat.
Tania Siriany feminista antirrazista. (Argazkia: Tania Siriany) Zeri buruz hitz egingo duzu hitzaldian?
Urte asko daramatzat emakume migranteekin lan egiten eta Atzerritarren Legearen inguruko aholkularitza ematen. Era berean, emakume horiekin asko lantzen dut feminismoa, boterearen dekolonialitatea, eta abar. Horregatik, Bilgune Feministakoek hitzaldian parte hartzera gonbidatu ninduten, Atzerritarren Legearen ezaugarri dekolonialak azaltzeko.
Zertan datza Atzerritarren Legea?
Espainiako Estatuaren eta pertsona migranteen arteko harremanak arautzen ditu. Teorian, migranteek estatuan dituzten eskubideak eta betebeharrak ezartzen ditu. Ordea, lege honen aurrekariak boterearen harreman kolonialak dira, eta migrante gehienak iragan kolonialeko herrialde txiroetatik datoz.
Horrela, Atzerritarren Legearen bidez, migrazioak mugatzen dira, modu legalean migratzeko baliabideak ez dituzten pertsonak kriminalizatuz. Ordea, moral bikoitzeko diskurtso bat da legeak defendatzen duena, Europak langileak behar baititu.
Nola eragiten die legeak emakume migranteei?
Boterearen harreman kolonialak emakume migranteen gorputzetan aplikatzen dira bereziki, zaintza sistemaren bitartez. Izan ere, hegoaldeko herrialdeetako emakume ugari iparraldeko herrialdeetara etortzen dira, azken horien zaintza sistemaren krisiari aurre egiteko: iparraldeko herrialdeetan ez dago adineko pertsonak, haurrak eta mendekotasuna duten pertsonak zainduko dituenik, eta emakume horiek datoz zaintza lan horiek egitera. Hau da, alde batetik ezinbestekoak dira, baina, bestetik, ez zaizkie euren eskubideak aitortzen eta askok esplotazioa jasaten dute.
Zer egin beharko litzateke Atzerritarren Legearekin?
Indargabetu behar da. Izan ere, pertsona migranteak kriminalizatzeaz gain, Atzerritarren Legearen bidez zilegitasuna ematen ari dira jendea Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan espetxeratzeari eta migranteei gizatasuna kentzeari. Era berean, legearen ondorioz, oso zaila da pertsona migranteak gure gizartean erabat intergratzea, ez dituztelako beste guztiek dituzten eskubide berak.
Zer esperientzia izan duzu zuk Atzerritarren Legearekin?
Nik Zuzenbidea ikasi nuen El Salvadorren, eta hona heldu nintzenean, ikasketak baliozkotzeko azterketak egiten hasi nintzen. Ordea, azterketa horiek bukatu aurretik, Bolonia plana ezarri zuten, eta ordura arte egindako guztia ezerezean gelditu zitzaidan. Hau da, orain zerotik hasi beharko nituzke Zuzenbide ikasketak, hemen baleko titulua izateko. Zentzu horretan, Atzerritarren Legeak asko mugatu nau. Horrela ere, baditut nire pribilegioak, ez naizelako ez musulmana eta ez beltza.
Zein egoeratan daude Donostiako emakume migranteak?
Emakume migrante gehienek zerbitzuen eta zaintzaren sektoreetan egiten dute lan, kasu askotan, ezin dituztelako euren ikasketak baliozkotu, eta beraz, ezin dutelako beste ezertan lan egin. Era berean, emakume horietako askok ez dituzte hemen euren familiak; hau da, besteen senideak zaintzen dituzte, baina ez zaie aitortzen euren senideeekin egoteko eskubidea. Gainera, gizartearen eta sistemaren arrazismoa pairatzen dute.
Emakume migranteen auziak merezi duen garrantzia du mugimendu feministan?
Azken jardunaldi feministak inflexio puntu bat izan ziren, eta Euskal Herriko kide feministak gero eta gehiago ari dira euren pribilegioak berrikusten. Horrela, bertako emakumeek eta migranteok estrategia bateratuak eraiki behar ditugu, gure desberdintasunak aitortuz.

